Hiru egun oso egin ditugu Milan hirian, Lombardian. Beste bi egun, berriz, joan-etorrietan. Zorte handia izan dugu eguraldiarekin, egun batean bakarrik izan dugu-eta euria.
Guretzat hauek izan dira puntu azpimarragarriak bidaia honetan:
- Covid zaintza. Milango aireportuan inork ez zigun kasu handirik egin horren inguruan. Hirian, berriz, leku gehienetan eskatu digute Covid-pasaportea, eurek green pass deitzen dutena.
- Etxea. Etxebizitza ona alokatu genuen Airbnb bidez, garbia, ondo hornitua, berogailu onarekin eta primerako wifiarekin. Tren-geltoki nagusitik oinez hamar minutura zegoen, eta Duomo plazatik 40ra. Metroaren adar bat ere oso gertu geneukan. Iritsi ginenean, jabea zain genuen. Oso ondo portatu zen gurekin, informazio asko eta ona emanez.
- Garraioa. Oinez ibili ginen hara eta ona, hiriaren taupada hobeto hartu guran. Azken egunean, ostera, urrutiko lekuetara joan behar ginenez, eguneko pasea hartu genuen, metroz eta tranbiaz ibiltzeko, biak ere oso ondo antolatuak.
- Bisitak. Eguraldi ona lagun, zenbait leku esanguratsu bisitatu genituen Milanen:
- Duomo. Leonen bezala, Duomo izeneko katedralak eta berau inguratzen duen plaza ederrak inpresionatu egiten dute bisitaria. Asteazkenean, eguraldi garbi-garbia aprobetxatuta, txartelak erosi genituen katedrala eta beronen teilatua bisitatzeko. Ez ginen damutu, biak ezinago ederrak direlako.
- Vittorio Emanuele II galeria. Merkataritza-gune estali bat da, Duomoren ondoan, XIX. mendean egina eta gero munduan beste toki askotan kopiatua. Ikusgarria.
- La Scala. Galeriaren beste aldean dago. Kanpotik ikusi genuen, oraindik opera-denboraldia hasi barik dagoelako. Egia esan, kanpotik ez dauka ezer berezirik.
- Sforza gaztelua. Gaztelu ikusgarria, Visconti eta Sforza familiek hasi zutena eraikitzen XV. mendean. Duomotik 15 bat minutura dago, oinez.
- Isola barrutia. Paseada ederrak egin genituen inguru hartan, parke teknologiko ikusgarrian zehar —bertan zegoen Il Bosco verticale etxebizitza-eraikina ikusgarria ere—, plaza modernoetan, XIX. mendeko arkuak zeharkatuta.
- Hilerri monumentala. Doktore-tesi bat idatz liteke leku horren inguruan, zerk eraman zituen Milango aberatsek halako panteoi eta eskultura ikusgarriak eraikitzera.
- Navigli. Milanen garai bateko kanal-sistema ugaritik geratzen den apurra. Gaur egun jatetxe, taberna eta terrazaz betea. Leku polita da ibiltzeko. Bertako jatetxe batean bazkaldu genuen hirugarren egunean.
- Tren-geltoki nagusia. Arkitektura faxista peto ikusgarria. Bertan ikus liteke Mussolinik Italiaren zelako irudi inperial proiektatu nahi zuen, ustez Erromako inperioaren jarraipena.
- Gastronomia. Aholkulari ezin hobea izan dugu atal honetan, Miren alaba. Hortaz, errepaso ederra eman diegu Italiako jakirik eta postre esanguratsuenei.
- Liburu-dendak. Liburu-denda asko eta ederrak ikusi ditugu Milanen, besteak beste Mondadori, Rizzoli eta La Feltrinelli. Azken honen liburu-denda batean, Red izenez deitua, probatu nuen sekula dastatu dudan macchiato kaferik gozoena —gure ebakiaren senide hurbila.
Di-da bidaia bat izan da, laburra baina oparoa. Larunbatean etxeratu ginen, euri- eta elur-ekaitza etxearen epelean igarotzeko justu.