Martxoaren 21ean, Node.js programazio-inguruneak Node.js-ren Praktika OnakGida argitaratu zuen euskaraz, Ane Diaz de Tuesta web-programatzaile arrasatearrak eta haren aita Joxe Felix Diaz de Tuesta euskaltzaleak itzulita. Urtebeteko lana izan da gida hori euskaratzea, proiektua 2020ko martxoaren 10ean hasi baitzen, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren lehen konfinamenduarekin batera.
Web garatzaile askok estimu handitan dute Node.js-ren Praktika Onak Gida, gai horren inguruan gidarik garrantzitsuenetako bat delako. Berau da eremu horretan dagoen praktika onen bildumarik handiena, eta handitzen ari da astetik astera. Une honetan 80tik gora praktika, estilo eskuliburu eta arkitektura aholku biltzen ditu. Bertsio originala ingelesez argitaratu zen, baina laster itzuli zen beste bost hizkuntzatara. Seigarren itzulpena, hain zuzen, euskarazko hau izan da, Diaz de Tuesta aita-alabek egindakoa.
Zer da Node.js?
Node.js programazio-ingurune bat da, kode irekikoa, diseinatu zena Interneteko aplikazio eskalagarriak sortzeko, zerbitzariak batez ere. Bertako programak JavaScript-ez idatzita daude.
Programazio-ingurune hau oso ezaguna da web garatzaileen artean, eta gaur egun milaka webgune daude Node.js-rekin eginda, 175.398 baino gehiago.
Euskarazko bertsioaren abentura
Ane Diaz de Tuestak Twitterren ikusi zuen mundu guztiko hainbat programatzailek laguntza eskaintzen zutela gida hori beste hizkuntza batzuetara itzultzeko. Larregi pentsatu barik, bere burua eskaini zuen praktika onen gida euskaratzeko.
Hasieran pentsatu zuen erraz egingo zuela itzulpena, hamar urte darama-eta programatzaile gisa lanean. Laster, ordea, konturatu zen egin beharrekoa uste baino zailagoa izango zela, eta denbora luzeagoa eskatuko ziola. Proiektua bertan behera uztekotan egon zen.
Orduan baina, aita etorri zitzaion erreskatera. Ez amore emateko, berak lagunduko ziola, eta elkarlanean arituko zirela. Eta Anek, baietz. “Bikote menderaezina osatu dugu”—dio lan guztiak bukatuta: “haren euskaraz idazteko gaitasuna eta nire programatzaile ezagutzak konbinatuz, gida euskaratzea lortu dugu”.
Urtebete eta berrirakurketa, zuzenketa, zalantza… ugariren ondoren, harro daude aita-alabak, azkenean, euskarazko gida argitaratu delako. Eta pozik, aurrerantzean non-nahi dabiltzan programatzaile euskaldunek aukera izango dutelako maila horretako gida bat euskaraz erabiltzeko.
Gehiago jakin nahi duenak esperientzia honen gainean, hementxe dauka Aneren kontakizuna.
Diaz de Tuesta aita-alabak
Hau ez da Diaz de Tuesta aita-alabek egin duten lehen lan publikoa elkarrekin. Orain hiru urte, 2018ko urtarrilean, GATZA webgunea aurkeztu zuten Oñatin, kasu hartan alabak egindako proiektu informatiko bat, aitak Leintz-Gatzagan egindako argazki-bilduma aterpetzeko.
Ane Diaz de Tuesta
Mondragon Unibertsitatean Sistemen Informatika egin ondoren, Anek Bordelen amaitu zituen ikasketak, ENSEIRB-MATMECA Ingeniari Eskolan. Gaur egun FieldBox.ai enpresan egiten du lan, Bordelen bertan, web garatzaile gisa.
Jose Felix Diaz de Tuesta
Jose Felix Diaz de Tuesta gasteiztarra da jaiotzez, baina bere lan-bizitza Gipuzkoan egin du. Donostian Enpresa-ikasketak egin ondoren, 37 urte egin zuen lan Arrasateko Udalean Euskara teknikari moduan. Erdu euskaltegiko sortzaile eta bertako irakasle izan zen hamar urtez. Bergarako UNEDen ere 9 urte egin zituen euskara irakasle. 1988an Arrasate Press eta 1990ean Arrasate Telebista sortu zituen, beste lagun batzuekin batera. 1990eko martxoaren 28an Arrasateko Euskararen Hitzarmena jarri zuen martxan, 38 erakundek sinatuta, gaur egungo Euskaraldiaren aitzindari har daitekeena. Gaur egun erretiroa hartuta dago eta Oñatin bizi da.
Pingback: Node.js-ren Praktika Onak gida, euskaraz