Joan den apirilaren 10ean Moderna txertoa jaso nuen, Euskal Herriko transplantatu askok bezala. Harrezkero, jakin nahi izan dut zergatik eman diguten txerto hori, eta ez beste bat. Eta uste dut erantzuna aurkitu dudala The New York Times egunkariak Covid-19 pandemiaren inguruan atera duen galdera-erantzunak orri honetan.
Egunkariak dioenez, farmazeutika gehienek ez zuten transplantaturik erabili boluntario moduan hastapeneko probak egin zituztenean, balidatze aldera sortu nahi zituzten txertoak. Hori dela-eta, informazioa falta zen jakiteko transplantatuok zelan erantzungo genuen.
Hala ere, medikuek bazekiten Covid-19az kutsatzen diren transplantatutako pazienteek %30 arrisku handiagoa dutela hiltzeko, arrisku-faktorerik gabeko pazienteek baino. Horiek horrela, hemen dago erantzunaren muina:
Medikuek badakite transplantatutako pazienteari birus bizirik ematea ez dakarten txertoak seguruak direla oro har. Pfizer eta Moderna txertoek RNA mezulariaren molekulak erabiltzen dituzte sistema immunologikoa estimulatzeko, eta ez dute birus bizi, hil edo neutralizaturik.
Horren arabera, Adenobirus teknologia darabilten txertoak ez zaizkigu komeni transplantatuoi, (AstraZeneca, Janssen eta Sputnik V, besteak beste), barnean birusaren material genetikoa daramatelako. Horien ordez, guri RNA mezularian oinarritutakoak komeni, alegia, Pfizer edo Moderna.