Azkenean, neuri ere egokitu zait PCR proba bat egin beharra. Gaur izan da hori, Matienako anbulatorioan, Bizkaian.
Atzo goizean lagun baten mezua jaso nuen, eta esan zidan positibo eman duela. Kontua da martxoaren 31n berarekin egon nintzela berbetan kalean (5 bat minutu, biok maskara jarrita), eta ea nire izena ematea nahi nuen. Nik, baietz.
Iluntzean bi mezu jaso nituen Osakidetzatik. Lehena, aztarnariarena: aintzat hartuta enkontrua astebete lehenago gertatu zela, kalean, biok maskara genuela jantzita eta ni ondo sentitzen nintzela, aurreratu zidan ez nintzela kontaktu estua. Beraz, kuarentenarik ez, baina PCR bat, bai. Bigarrena, hitzordua emateko, gaur goizeko 10:00etan, Matienan.
Matienako anbulatorioan dena ondo joan da. Bertan, bi sarrera dauzkate: bat Covid kasuetarako (nik hori erabili dut), eta bestea, gainerako kontuetarako. Itxarongelan, pertsona bat zain. Atenditzen, hiru erizain, goitik behera jantzita Covid protokoloak eskatu bezala. Nire txanda iritsi denean, nahiko ondo moldatu naiz, nahiz eta sudurzulo bietan kili-kili bortitza sentitu dudan. Amaitutakoan, eskerrak eman atenditu nautenei, eta kalera, doministiku potolo bat eginda, ordurako berriz maskara jantzita. Alibiyue.
Gaur iluntzean edo bihar goizean jasoko dut sms bat emaitzarekin. Negatiboa bada, alta emango didate. Positiboa bada, deituko didate, zelan jokatu esateko.