Etsiak jota ETBren albistegiekin

Covid-19 gaixo bat buruz behera ZIU zainketa intentsiboetako unitate batean.

Etsigarria izan da asteburu honetan Euskal Telebistaren zenbait albistegi ikustea, batez ere ostiral eta larunbatekoak. Kontuan hartuta pandemia baten erdian gaudela, ETBk gai bat izan du nagusi berriak ematerakoan: zein larria den ostalaritzaren egoera. Justifikatu beharra zegoen, antza, Eusko Jaurlaritzak zergatik lasaitu dituen ostalaritzaren inguruko neurriak, osasunari dagozkion parametroak txarrak izan arren, Alemaniak dituenak baino ia lau aldiz okerragoak.

Horrela, ematen zuen ostalaritzak sostengatzen duela herri hau, eta ostalaritza dela pandemiako sufritzaile nagusia eta bakarra. Medikuen sufrimenduaz, erizainen sufrimenduaz, ospitale eta anbulatorioetako profesionalen sufrimenduaz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dauden gaixoen sufrimenduaz, ospitaleetan eta etxeetan konfinatuta dauden gaixoen sufrimenduaz, arrastorik ere ez albistegietan.

Dudarik ez dago ostalaritzako profesionalak eta langileak gorriak pasatzen ari direla pandemia honetan, baina ez dira bakarrak. Jende asko dago sufritzen, alde askotan, eta Euskal Telebistako albistegiek ez dute beste horien sufrimenduaren berri ematen hain nabarmen. Eta horrek ondorioak ditu pandemia modu batean edo bestean ikusteko orduan.

INFANTILIZATU PANDEMIA

Beste herrialde batzuetako telebista publikoek —Kanadakoak, esate baterako— ez dute eragozpenik Covid-19 pandemiaren aurpegi itsusia erakusteko. Horrela, albistegietan erakutsi dituzte erreportaje batzuk, non ikusten den kazetari bat eta kameralaria ZIUetan sartzen, eta, mediku batek gidatuta, erakutsi duten zelan bizi diren han daudenak, haien zaintzaileak eta ingurukoak. Gure telebista publikoak nahiago izan du gu infantilizatu, pandemiaren alde zatarra ezkutatuta.

Gurean ondorengo gaiak gutxi ikusiko ditugu albiste moduan tratatuta, eta, ikustekotan, oso aldian behin:

  • Adituen iritziak egunero jendearen edo kazetarien galderei erantzuten. Felix Zubiak Euskadi Irratian igandero egiten duena, baina egunero bi-hiru medikuk hitz eginda. Orain arte ikusitakoagatik, ematen du ETBko zuzendaritzak ez duela nahi albistegietan protagonismorik eman osasunaren adituei.
  • Hildakoak numero bihurtu ditugu. Kanadako albistegiak sarri erakusten ditu hildako bizpahiruren kasuak: izen-deiturak, argazkiak eta historia laburra. Era horretan, ikusleak barneratu egiten du pandemia honek hil egiten duela, eta, zenbaitetan, hildakoak gu bezalakoak direla.
  • Ospitaletako profesionalek zelan egiten duten lana: medikuek, erizainek, garbitzaileek… Lehen olatuan txalo egiten genien; orain, ez txalorik, ez eta kasurik ere. Ez dakigu zelan dauden, zenbat hil diren, zenbat kutsatu, estresak jota dauden, zer eskatzen duten. Gauza asko ez dakigu.
  • Gaixoek zelan bizi duten gaixotasuna. Ospitalean daudela, seguru badaudela gaixoak onartuko luketenak kamera aurrean hitz egitea, euren egoera esplikatzeko. Gaixotasun hau desberdina da, eta ikusleoi ondo letorkiguke gaixoen bizipenen berri izatea.
  • Osatu direnak zelan bizi dira? Utzi die ondoriorik SARS-CoV-2 birusak? Zelako arazoak dituzte? Osakidetza zer egiten ari da horien bizimodua hobetze aldera? Zeintzuk dira birusaren epe luzeko ondorioak? Birikak, memoria, mugimendua, antsietatea… Zelan ulertu behar ditugu? 
  • Zaharren etxeetan zelan bizi izan zuten lehen olatua? Eta bigarrena? Hobeto prestatuta daude orain? Zer neurri hartu dituzte zaharrak babesteko? Bertako langileak pozik dabiltza? Eta egoiliarrak?
  • Telelana. Zenbateraino zabaldu da? Zenbait enpresak zergatik ipintzen dituzte oztopoak telelana egin dezaketen enplegatuek etxetik lan egin dezaten? Zeintzuk dira telelanaren arazoak?
  • Etxeak eta pandemia. Zenbateraino aldatuko dira etxeen diseinuak pandemia honen ostean?
  • Radar COVID eta beste aplikazioak, pandemiari aurre egitekoak. Zenbat daude gure esku? Zenbat jaitsi dira EAEn, Nafarroan eta Iparraldean? Zergatik jende askok ez du nahi aplikaziorik jaisterik? Ondo esplikatu da horrelako app baten premia?
  • Txertoa. Seguruak dira? Zergatik? Nola antolatuko da hura zabaltzeko logistika? Zer ezaugarri ditu txerto bakoitzak? Transplantatuek hartu ahal izango dute? Behin hartuta, firin-faran ibil gaitezke, ala oraindik neurriak hartu beharko ditugu? Hauek eta beste galdera batzuk ondo esplikatu beharko dira txertoa bera iritsi aurretik ere, bestela jende asko haserre bizian jarriko da, askok uste baitute behin txertoa hartuta, kito babes neurriak.
  • Negazionistak eta eszeptikoak. Zergatik daude hainbeste negazionista edo eszeptiko txertoaren inguruan?

Iragan ostiral eta larunbatean Gaur Egun eta Teleberrialbistegiek anplifikatu egin dute pandemiak ostaralitzan eragin dituen kalteak, eta isildu beste kolektibo askotan eragiten dituenak. Igandean ez dut gogorik izan telebistaren aurrean jartzeko.

Halako batean, unibertsitate bateko norbaitek (berdin unibertsitatekoa ez bada ere) aztertu beharko du zer rol jokatu duten ETBren albistegiek pandemia garaian.

Kategoria: Telebista Etiketak , . Gorde lotura.

6 erantzun Etsiak jota ETBren albistegiekin-ri

  1. egilea: Iraitz Larrañaga

    Oso ados. Gure kazetaritza kritikotasunaren adierazle argia. Tamalez, tokiko hedabideetan ere antzekoa da praktika.

    Ikus Goienako gaurko albistea: https://goiena.eus/debagoiena/1607865858982-neurri-berriak-indarrean-egoera-ezberdina-bizi-dute-bergaran-eta-aramaion

    Edo azken asteotako zenbaki dantza eta clickbait titularrak.

  2. Nire inpresioa da ostalaritzaren agerpen nabarmenak beste arrazoi bat ere baduela, zeharka periodistiko eta ikus-entzunezkoa. Telebistako albistegietako piezen egitura espainola, azken urte hauetan, kaleko agerpen eta adierazpen kateatzean datza batez ere. Zer dela-ere gertatu dena, kaleko adierazpen ‘random’ antzekoak batu kalean jendearengandik.

    Erosketetara edo kafetegietara doan parrokianoaren iritzia da, beraz, ikus-entzunezko material basikoa edozer komentatzeko. Eduki bilaketaren modu nagusia hori da, eta aurkitzen den edukiaren izaera ere baldintzatzen da ondorioz.

  3. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Osakidetzak sekulako informazio piloa izan behar du herriz herri eta auzoz auzo egiten ari den PCR eta antigenoen probek emanda. Baina gure osasun zerbitzu publikoak ez txintik ere esaten informazio horren gainean. Ez dakigu ezer. Eta ETBren albistegiak erabiltzen dira —hori da nire inpresioa— Eusko Jaurlaritzaren unean uneko erabakiak justifikatzeko. Kazetaritza independenterik, bat ere ez, kontu honetan behintzat. Eta beste medioetan ere, antzeko joera ikusten da, bai, Iraitz, handietan eta txikietan.

    Zurekin ere bat nator puntu horretan, Luistxo: Espainiako telebista gehienek benetako kazetaritza baztertu eta orain orduak eta orduak egiten dituzte tertuliak antolatzen (hiruzpalau orojakile kontratatzea askoz ere merkeagoa da hainbat kazetari lanean edukitzea gaiak ikertzen) eta kaleko inkestak egiten, ezertarako balio ez duten horietakoak. Hala ere, hori baino gehiago ikusi dut nik iragan asteburuan ETBko albistegiek izandako jokabidean.

    Mila esker bioi, eta ondo segi.

  4. egilea: Iñaki Larrañaga

    Gai aukeraketa interesgarria, Joxe. Gehiago ala gutxiago erredakzio mahai denetatik pasa dira gaiak eta den denak ukitu direla esango nuke, ETBn eta gainontzekoetan, neurri diferentean. TB formatuak ere baldintzatzen du. Esaterako, Etxegoienen dokumentala ETB1en minaz eta heriotzaz; egokia. Elkarrizketa sakonagoak zientzialariei, programetan -albistegietako mini-korteak gauza ebidenteegiak dira-. Albistegietan nik hain zuzen zientzialarien presentzia etengabea sumatu dut: Basaras, Quindos, Zubia, Bengoa, Del Val, Díez, Garitano, Mayor… sekulako eskuzabaltasuna erakutsi dute.

    Zulo ageriko bat badago: ospitaleetara sarrera,. Gobernuen kontrolek eta pribatutasun arrazoiek zaildu dute gertatzen dena zuzenean erakustea. Heriotza desastre honek ez dauka irudirik gurean. Zifra gehiago, sentsibilitatea gutxiago, ikerketa zientifikoek ere berresten dute -tamalez- hori. Edozein kasutan, ez da ahalegin nahikorik egin traba horiek gainditzeko. Alberto Moyanok defenditu du tesi hori, nahi du publikoak? Gogoratu El Mundoko azalen hil kutxak agertu zirelako “eskandalua”.

    Tabernei buruz: hain justu asteburu honetan ireki zirenez berritasunaren logikak zeraman gaiari errelebantzia ematera. Horri gehitu: publikoaren interesa -audientziak erakusle-, elkarteen prestutasun erabatekoa, kaleko mobilizazioak, gertutasun sozial-pertsonala gaiari fundamentuz heltzeko… hortik gainerrepresentazioaren azalpen nagusia nere ustez. Ez dut ulertu hau: “Justifikatu beharra zegoen, antza, Eusko Jaurlaritzak zergatik lasaitu dituen”. Iruditzen zait itxi zituztenean ere ikusgarritasun handia izan zutela.

    Eredugarriagotzat dituzun kateak pozik ikusiko nituzke, izango de zer ikasi pila

  5. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, Iñaki, erantzunagatik. Azkenetik hasiko naiz, eta kate bat jarriko dizut niretzat eredugarri dena, CBC Kanadako Telebista Publikoaren “The National” albistegia. Hemen duzu atzokoa https://youtu.be/OdO3xYA0VMQ Nik Youtubetik hartzen dut, eta Google Chrome bidez, etxeko telebistan ikusi. Egunero 45 bat minutu irauten du, eta bertan ez da sartzen ez kirolik, ez eta eguraldi tarterik ere, ez bada egunerokotasunak behartuta, sail horietako albiste bat sartzen dutela. Horrek esan nahi du tarte zabalagoa dutela egunean, adibidez, albiste luze bat sartzeko: albiste-erreportajea. Albistegi horietan ia egunero bi adituk (birologoak edo epidemiologoak…) galderei erantzuten dizkiete, kazetarien galderei edo ikus-entzuleek bidalitakoei.

    “Nahi du jakin publikoak?” diozu. Nik bai, eta jende askok ere bai. Hilkutxen eskandalua Madrilgo hedabideek antolatu zuten, ez jendeak. Egongo direla batzuk jakin nahi ez dutenak? Seguru. Errege emeritoaren lapurreten berri jakin nahi ez dutenak bezala. Baina horrek ezin ditu kazetariak isilarazi, nire ustez.

    Bat nator zurekin: gobernuek zorrotz kontrolatzen dute nor sartzen den ospitaletara, eta zer erakutsi nahi den. Nik albiste honetarako erabili dudan argazkia ez dut hemen aurkitu, beste norabaitera joan behar izan naiz, hemen ia ez dagoelako ez argazkirik, ez eta bideo-irudirik gaixo larrienak. Atzo, zorionez, bai ikusi nuen Teleberrin albiste bat egin zena Gurutzetako sail batean, eta, bai, ikusten zen hura ez zela festa. Goiko beste erantzun batean esan dudan moduan, Osakidetzak informazio piloa eduki behar du, baina oso gutxi ematen du. Erants nezake zorrotz kontrolatzen duela zer kazetari sartzen diren ospitaletan, eta kasurik gehienetan, ukatu egiten dituela argazkilarien eta kameralarien lana. Hala ere, kazetariek eta komunikazio-enpresek indarra egin beharko lukete herritarron eskubidea dena bermatzeko: jakiteko eskubidea.

    Eta, barkatuko didazu, Iñaki, baina, Covid-19 pandemiaren inguruan, ni konformeago nago gure irrati publikoaren lanarekin, gure telebista publikoaren jarduerarekin baino. Min ematen dit esateak, baina behin baino gehiago jasotzen dut inpresioa ETBren albistegiak justifikatzen ari direla Eusko Jaurlaritzak hartzen dituen erabakiak.

    Ondo segi.

  6. Pingback: Etsiak jota ETBren albistegiekin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude