Oraingoan Oñatiko herritik dator notizia. Izan ere, Joxe Felix Diaz de Tuesta lagun argazkilariak liburutxo zoragarria atera du: Oñatiko emakumeak. Bertan Oñatiko 35 emakume agertzen dira, 11 familiatakoak, belaunaldi diferentekoak (ahal denean birramama, amama, ama eta alaba eskemarekin), eta berauen argazkien ondoan, haien bizipenak, sentipenak eta aldarriak. Argazkiak, zuri-beltzekoak dira, eta Oñatin eginda daude, Gandiaga Topagunean, Arantzazun.
Liburua, hortaz, txikia da, baina harribitxi benetakoa, modu birgeroan eginda baitago: bertako orriak zabalgarriak dira, eta aleak banan-banan daude koadernatuta, eskuz. Lan honetan aipatzekoak dira Nahikari Mora, berau diseinuaren egilea, eta Zigor Anguiano Calzada, Espainiako Sari Nazionala Koadernaketa arloan, zeinak eskuz josi baititu orriak, modu erabat artesanalean.
Fitxa teknikoa
- Formatua: itxita, 11 x 110 mm; zabalduz gero, berriz, 48 x 11 mm.
- Azala: 300 gramoko kartulina gogorrekoa, mate glasofonatua eta estanpatua.
- Barrukoa: 11 orri zabalgarri, gehi beste 20 orri, 200 gramoko kartulinan, mate glasofonatua.
- Koadernaketa: eskuz josita, modu guztiz artesanalean.
- Argazkiak: Joxefe Diaz de Tuesta.
- Argitaletxea: Artixa Elkartea.
- Babeslea: Oñatiko Udala.
Argitalpenak
Liburuak 35€ balio du, eta askok nahi izango dute ale bat etxean eduki, garai bateko adierazle ederra delako. Ikusita, bestalde, lehen argitalpena eskuetatik kendu ziotela Covid-19 pandemia hasi orduko, egileak bigarren argitalpena egin du:
- Lehen edizioa: 2019ko azaroan, 60 ale.
- Bigarren edizioa: 2020ko ekainean, 100 ale.
Zelan lortu liburua
Bi modu daude liburuaren ale bat lortzeko:
- Oñatiko hiru salmenta-guneetara joanda:
- Txokolateixa dendan, Oñatin.
- Natxo Santos argazki-dendan, Oñatin.
- Nagore Goñi argazkilariaren estudioan, Oñatin.
- Joxeferekin harremanetan jarrita:
- Telefonoa: 677 536 846
- e-posta: arrasateargitan@gmail.com
Joxe Felix Diaz de Tuesta
Joxe Felix Diaz de Tuesta (Gasteiz, 1953), Enpresa-ikasketak egindakoa da Deustuko Unibertsitatean, Donostian, eta euskalgintzan egin zituen urterik gehienak: Arrasateko AEK euskaltegian, Bergarako UNEDen eta Arrasateko Udaleko Euskara Zerbitzuan. Halaber, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) euskara elkartearen, Arrasate Press astekariaren eta Arrasate Telebistaren sortzailetarikoa izan zen.
Gaur egun Oñatin bizi da, erretiroa hartuta, eta argazkigintzari eskaintzen dizkio ordu asko. “Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Orain dela hamazazpi bat argazki digitalak egiten hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez”.
Liburuak
Joxefek hainbat argazki-liburutan parte hartu du. Batzuetan, editore moduan; eta beste batzuetan editore eta argazkilari gisa:
- Arrasate. Irudiak liburua (2003), hainbat egile.
- Oñati. Irudiak liburua (2005), hainbat egile.
- Gesalibar Auzoa liburua (2006), hainbat egile.
- Euskal Herria atzerritarren ahotan liburua (2006).
- Gatza. Leintz-Gatzagako herritarren erretratuak liburua (2015).
- Oñatiko Emakumeak (2019).
Joxeferen lanak Interneten
Aspaldi honetan, Joxefek Interneten erakusten ditu bere lanik gehienak, “nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena”. Eta sarean Atauri goitizena erabiltzen du, bere amamaren herriaren izena.