Igande hura Anoetan, orain 25 urte

Aspaldi agindua nien ilobei Anoetara eramango nituela Real-Athletic ikustera, eta, bide batez, futbol-zelai berria ikustera. Hortaz, 1995eko maiatzaren 28an, bazkalostean, autoan sartu nituen lau ilobak —Asier, Ane, Mikel eta Jon—, eta Donostiara egin genuen, kriskitinak baino poziago. Lehen hirurak, durangarrak, real zale amorratuak. Laugarrena, elorriarra, athletic zalea.

Anoeta, lepo. Zerikusirik ez nik ezagutzen nuen Anoetako futbol-zelaiarekin, askoz zabalagoa eta etzanagoa. Mutur batean tokatu zitzaigun, ate baten atzean, eta, egia esan, ez genuen gehiegirik ikusten. Baina giroa itzela zen. Kontua da orduko hartan Realak errepasoa eman ziola Athletici, 5-0 irabazita. Durangoko ilobak, pozez zoratzen. Jontxu, berriz, lur jota. Hala ere, giro onean itzuli ginen etxera.

Gaur, ostera, prentsaren errepasoa egiten nenbilela, goiko portadak akordura ekarri dit egun hura, eta partekatu egin dut emaztearen familiarekin. Iloba guztiek dute gogoan eguna, ez bakarrik emaitzagatik, baita ondo pasatu zutelako ere.

Alabaren kexua

Miren alaba urte hartan jaio zen, derbi hura jokatu eta bi aste pasatxora. Askotan entzun izan du egun hartako kronika, eta beti leporatu dit bera sekula ez dudala eraman partida bat ere ikustera, batez ere aintzat hartuta bera Bilbo zalea dela. Eta arrazoia du.

Covid19 krisi hau igarotzen denean, gestioak egin beharko ditut Miren San Mamesera edo Anoetara eramateko, berak ere derbia ikus dezan. Bitartean, itxaron beharko dugu apur bat.

Kategoria: Familia Etiketak , . Gorde lotura.

2 erantzun Igande hura Anoetan, orain 25 urte-ri

  1. egilea: Iñaki Murua

    Zer da Miren, “Bilbo zalea” edo “Athletic zalea”? 😉

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Athletic zalea, jakina. Baina “Bilbo zalea” erabili dut, hedapenez eta lizentzia gisa. Eskerrik asko zehaztapenagatik, eta segi ondo 😉

Utzi erantzuna Iñaki Murua(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude