Zientzialari burua, sintoma gisa

Bonnie Henry epidemiologoa eta Columbia Britainiarreko zientzialari burua, Kanadan.

Covid-19 pandemia honetan, munduko estatu gehienek zientzialari buru bat dute, koordinatzeko birusaren kontrako borroka eta esplikatzeko herritarrei hartu beharreko neurriak. Pertsona horrekin batera zientzialari talde bat egoten da, egoera aztertzen, proiekzioak egiten eta estrategiak antolatzen, gero gobernuek, ondo irudituz gero, gauza ditzaten. Horra hor zientzialari buru horietako zenbait:

Probintzia, estatu eta autonomia erkidego askok ere badute erreferentziazko zientzialari bat Covid-19 pandemiarako, eta horien zeregina berdina da leku guztietan: koordinatzea birusaren kontrako borroka, koordinatzea estatu mailako aditu buruekin eta herritarrei esplikatzea hartu beharreko neurriak. Horra hor beste adibide batzuk:

Horietako batzuk idolo bihurtu dira euren herrialdeetan, jendeak izugarri estimatzen baitu egiten duten ahalegina eta transmititzen duten patxada. Hori da Sotiris Tsiodras epidemiologoaren kasua Grezian eta Bonnie Henry epidemiologoarena Columbia Britainiarrean, Kanadan. Andrea Crisanti italiarraren itzala nazioartera zabaldu da, Veneton lortu dituen emaitzengatik, eta erakutsi duen jakituria eta nortasunagatik, zenbait momentutan aurre egiteraino Osasunaren Mundu Erakundeari.

Eta Euskal Herrian?

Bi hilabete igaro direnean konfinamenduan hasi ginenetik, Hego Euskal Herrian oraindik ez dakigu nortzuk diren gure zientzialari buruak pandemiari aurre egiteko. Ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere.

Bitxia da, baina pandemia baten erdian egonagatik, Euskal Herrian ahots handiagoa izan dute enpresarioek (eta kontrapuntu moduan, sindikatuek) zientzialariek baino. Eta gure zientzialariek poz handi bat eman digutenean, EHUko ikertzaile talde batek testak egiteko bide alternatibo eta segurua asmatu zuenean bezala, isilarazi eta baztertu egin dituzte berriketa gutxirekin.

Kataluniari begiratuz gero, ostera, kontrastea agerikoa da, hango hedabideetan behin eta berriro agertzen baitira era guztietako zientzialariak, ospitaletako arduradunak, erizainak eta larrialdietako buruak. Hedabide publikotetan nahiz pribatuetan. Gainera, hango gobernuak batzorde zientifiko bat antolatu du, eta bertan Oriol Mitjà epidemiologo entzutetsua izendatu du koordinatzaile. Eta igarri egiten da zientzialarien eragina Generalitatearen ildoan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute zientzialari bururik, eta uste dut aldi baterako ez dutela izango. Izendatuko balute bat, izango litzateke haren taldearen gomendioak kontuan hartzeko, eta osasun publikoa beste kontsiderazio batzuen parean edo aurretik jartzeko. Baina orain arteko praxiak erakusten digu gobernu biek beste lehentasun batzuk dituztela, eta denen gainean, jarduera ekonomikoa lehenbailehen martxan jartzea, kosta ahala kosta. Hori ikusi dugu krisiaren hasieran, hartu beharreko neurriak atzeratu zirenean (zerikusirik ez Alemaniarekin, Greziarekin edo Zeelanda Berriarekin), eta erabateko konfinamendutik irteteko presa izugarrian.

Grezian Sotiris Tsiodras bertako pertsonarik maitatuenetako bat bihurtu da, Kanadan Bonnie Henry bezala. Zoritxarrez, ez dago gauza bera esaterik Euskal Herrian aurpegia ematen ari direnen kasuan, behin baino gehiagotan deskonfiantza eta nahasmena zabaldu dute-eta. Hori zerbaiten sintoma da, zerikusi zuzena du-eta gidaritza eta ahots kualifikatu baten faltarekin. Eta gure agintariek zientziari erakusten dioten gutxiespenarekin.

Sotiris Tsiodras epidemiologo greziarra, eta bertako zientzialari burua Covid-19 pandemiarako.
Kategoria: Zientzia Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

4 erantzun Zientzialari burua, sintoma gisa-ri

  1. egilea: Mikel

    Gurean oso gutxi lantzen den gaia dela iruditzen zait zientzia eta politikaren arteko erlazioa. Epidemia hasi aurretik zentro teknologikoen eta CIC ezagunen berriak oso ohikoak izaten ziren gure herriaren mailaren nolabaiteko erakusleiho zirelakoan.
    Bi hilabete hauetan ordea erreferentziatzat jo izan ditugun euskal eremuko zenbait zientzialarien isiltasuna oso agerikoa izan da, eta hitzegin dutenean berriz xehetasun eta zehaztasun ezaz hitzegin dute, ikusi atzo Berrian Etxenikeren elkarrizketa. Buru eta pertsona jakinez gain sortu berri diren zenbait erakunderen publiko/pribaturen ¨cluster¨ hoiek (BRTA euskadi) ere gutxirako balio izan dute emergentziazko azken bi hilabete hauetan.
    CIC hoietako baten berri gertutik jarraitzeko aukera izan dut eta baieztatu dezaket bultzada eta agindu polikoen atzetik joan dela bertako zuzendaritza, zuzendaritza zientifikoa barne. Hartu diren erabakiak medio orokorretatik jaso diren erabakien berberak izan dira inongo lidertza edota aurreikuspenik gabe.
    PCRren aferaren inguruan egon den jarreraren aurrean zentro honek duen instalazio eta gaitasun zientifikoa ere ez da inolaz ere horretara bideratu. Eta kolaboratzeko akordioetara iritsi direla atera denetik ere ez da inolako aldaketarik egin zentroko egunerokoan.
    ZIENTZIA letra larriz ez ulertzeak ezin du zientziaren funtzioa eta kudeaketa pertsona gutxiren erabakie esku bakarrik utzi. Komunitate zientifikoak (existitzen bada behintzat) beraien irizpide eta iritziak emateko askatasuna (ekonomikoa, profesionala) eduki beharko lukete uneko kudeaketa polikioaz gain. EHUko zientzialariek egoeraren aurrean erakutsi duten ausardia independentzia honen ondorioa izan delakoan nago.
    Komunikabideen aldetik berriz beste zenbait gaietan egiten den bezala jarraipen zehatzagoa ere eskertuko nuke komunikabideen aldetik. Ustezko bikaitasunaren izenean ezin dira atzean gertatzen diren praktika okerrak ezkutuan geratu.

  2. atauri egilea: atauri

    Ona, Joxe, oso ona.

    Eutsi goiari!

    Joxefe

  3. egilea: Ima

    mila esker, Joxe!
    Ederra hausnarketa.
    Segi gogor

  4. Pingback: Zientzialari burua, sintoma gisa • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude