Ez dakigu Moises buruzagi israeldar mitikoa benetan bizi izan ote zen, eta Bibliak hari egozten dizkion balentriak benetakoak izan ote ziren. Badakigu, ordea, gaur biziko balitz, eta Itun zaharrean egozten zaizkionak egiak balira, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegira eramateko moduko curriculuma lukeela, garbiketa etnikoa eta haurren aurkako gehiegikeriak leporatuta, besteak beste.
Adibide baterako, Itun zaharreko pasarte hau. Bertan, israeldarren Jaunak agindu omen zion Moisesi mendekua hartzeko madiandarren kontra, haiek israeldarrei ustez egindako kalteagatik. Agindua beteta, Moises haserretu egin zen bere herritarrekin, sarraskitik bueltan, etsaien emakumeak bizirik ekarri zituztelako. Hori ikusirik, horrela esan omen zien Moisesek:
“Orain, bada, hil mutikoak eta sexu-harremanak izan dituzten emakume guztiak; utzi bizirik, ordea, eta hartu zeuentzat neskatxa birjinak”. (Zenbakiak, 31: 17-18)
Pasartea ikaragarria da, bertan liburu ustez sakratu batek naturaltzat hartzen baititu hilketa masiboa eta genero-indarkeria, testuan argi dago-eta irabazleek zertarako nahi zituzten neskatxa birjinak.