Gogoan dut orain 38 urte AEBetara iritsi berritan, PBS telebista publikoan Mister Rogers agertzen zenean, Maribel Aseginozala adiskide aguraindarrak ohartarazten zidala saioko aurkezlearen trebezia haurrak tratatzeko. Artean ez nekien ingelesik, baina geroago aukera izan nuen egiaztatzeko Maribelek esandakoa, besteak beste, Sesame Street eta The Electric Company saioekin batera, sarri ikusten bainuen Mister Rogers’ Neighborhood saioa (Rogers jaunaren auzoa), ingelesa ikasteko, Mister Rogersek oso poliki hitz egiten baitzuen, eta argi, edonork aditzeko moduan. Gaur egungo haurrentzako telesail gehienak ez bezala, saio hura slow horietakoa zen, erritmo pausatuan egindakoa. Eta, hala ere, haurrek izugarri maite zuten gizon hura.
Badakit hemen oso jende gutxik dakiela nor zen Fred Rogers edo Mister Rogers, Ipar Ameriketako haurrek deitzen zioten moduan, baina laster izango dugu haren berri, aurki iritsiko baita A Beautiful Day in the Neighborhood (Egun zoragarri bat auzoan) filma, Tom Hanks aktoreak estreinatu berri duena Toronton, TIFF zinemaldian. Trailerra ikusgai dago, eta bertan ikus daiteke Tom Hanks Mr. Rogers antzezten. Horrezaz gain, iaz dokumental bat estreinatu zen, Won’t You Be My Neighbor? (Izango al zara nire auzokidea?), non kontatzen baita Fred Rogersen bizitza.
Ni ere zorretan nengoenez Mr. Rogersekin, asko ikasi bainuen haren saioa ikusten, itzuli nahi izan diot mesedea, eta euskarara ekarri dut haren biografia euskarazko Wikipedian,euskaldunok jakin dezagun nor izan zen gizon hura.