Begoña hil da, gure arreba zaharrena

Fatima Aranzabal, Begoña Aranzabal eta Bego Larrañaga 2015ean Pisa hirian, Italian.

Gure familiako iparizarra hil da, Begoña, gure arreba zaharrena. 72 urterekin joan zaigu, buruko tumor batek eramanda. Ez da izan derrepenteko kontua, orain 22 hilabete gaixotu baitzen, AEBetatik bueltatu ondoren, han semea bisitatzetik.

Medikuek esan zioten 15 bat hilabete geratuko zitzaizkiola, eta bera, beti emakume praktikoa, berehala hasi zen heriotzerako prestatzen, bizitza sekula baino lasaiago gozatuta, hori bai. Paseo luzeak egiten zituen Jabier senarrarekin edo bere neba-arrebokin, eta eguraldi txarra eginez gero, etxean ibiliko zen bueltaka 40 bat minutuz, horrek lagunduko ziolako indartsu egoten; kafe baten inguruko tertuliak gozatzen zituen, honetaz eta hartaz hitz egiten (bere hastapenak Mondragoeko Eskola Profesionalean, Arizmendiarrieta, Ingeniaritza teknikoa, Fisika ikasketak EHUn, Irlanda, ama eta aita, bidaiak, Japoniarekiko miresmena, familiaren eta lagunen egoera…); zinera joaten zen, Jabierrekin, Nataliarekin eta geroago unibertsitateko bere lagunekin. Gaixorik egon arren, bizitza betea eraman zuen, sekula umorea galdu barik.

Zereginik ez zegoela-eta tratamentua kendu ziotenean, barneratu eta onartu egin zuen laster hilgo zela, baina esker oneko sentimentuarekin, azpimarratuz bizitza ona izan zuela, Jabier ondo moldatuko zela bera barik, Larraitz eta Jon seme-alabek bideratuta zutela bizimodua eta bera beti saiatu zela gauzak ahalik eta ondoen egiten.

Eta Jabier aipatuta, esango dut Begoña gaixotu bezain laster, Jabierrek zelako erabakimenez eta zelako mimoz lagundu dion Begoñari gaixoaldian, beronen agenda eramanez, tratamentuak eta botikak antolatzen, eta bien bizitzako xehetasun guztiak eramanda. Horretan Larraitz alaba izan du beti ondoan, eta baita Jon semea, nahiz eta hau Miamin bizi.

Azken hilabetean etorri zitzaion beheraldi handia. Eta hor Wendy eta Maria zaindariak ere ondoan izan zituen, bata Nikaraguakoa eta bestea donostiarra, gazteak biak. Ikustekoa zen zelako kariñoz zaindu zuten gure arreba, eta hau zein pozik zebilen haiekin. Beste horrenbeste esango nuke zaintza paliatiboetako medikuengatik, etxera etorriko zirenak behar beste bider: zelako profesionaltasuna, sentiberatasuna eta umorea zuten.

Zorionez, azken egunetan Jabier, Larraitz eta Jon izan ditu alboan Begoñak. Bakean hil da, eta poztu egin gara horrela joan delako, lasai-lasai eta bere hurbilenekoek inguratuta.

Feminista, ingeniaria, fisikaria eta kooperatibista

Gazte-gaztetatik, nortasun handia erakutsi zuen gure Begoñak, etxetik hasita. Amak joera zuenez agintzeko alaba zaharrenari harrikoa egin zezan, Begok protesta egiten zuen ozenki, mutilok ere parte har genezan “emakumeentzako” lan haietan. Bere eraginagatik ikasi genuen etxeko mutilok, eta geroago aitak ere, harrikoa egiten. Ez zituen bat ere ondo hartzen sexuen arteko bereizkeriak, eta hori Simone de Beauvoir-en El segundo sexo irakurri aurretik, bere liburu kutunetako bat.

Ingeniaritza teknikoa ikasi zuen lan egin bitartean, Eskola Profesionalean bertan lehendabizi eta Fagor Elektronikan gero, azterketak Donostiako Perito Eskolan eginda, por libre.

Ordurako baina, garbi zuen Fisika ikasi nahi zuela EHUn, Leioan. Aita eta ama zur eta lur utzita, dena utzi eta Bilbora joan zen, Rosa Balzategi bere lagun handiarekin, hura ere ingeniari tekniko lizentziatu berria. Finantzatu zituen ikasketak Bilbon eskola partikularrak emanda, udan Fagor Elektronikan lan eginda, beka pare batekin eta azken urtean kreditu bat eskatuta.

Arizmendiarrietak sortutako Kooperatiba mugimenduan parte hartu zuen Begoñak buru-belarri, kooperatibak barne-barnean sentitzen baitzituen. Hasierako urteak Fagor Elektronikan egin zituen, eta gero autogintzara pasatu zen, Fagor Ederlan kooperatiban lehendabizi eta FPK enpresa-mistoan gero, non gerente izan baitzen, erretiroa hartu arte.

Mondragoetik Donostiara

Erretiroa hartu zuenean, Begoñak lotura handia zuen Mondragoekin, eta zalantzak zituen Donostian zelan moldatuko ote zen, nahiz eta ordurako Jabierrek denbora gehiena han igaro, hura bai pozik EHUn ikasten eta Donostiak eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzen.

Lehen urtean piano-piano ibili zen. Euskaltegi batean matrikulatu zen, alfabetatzeko asmoz. Bigarren urtean, berriz, berak ere izena eman zuen EHUn, adinekoentzako ikastaroetan. Lagun piloa egin zituen euskaltegian eta unibertsitatean, baita geroago abesbatza batean, eta gustuz murgildu zen ordura arte gutxi jorratutako esparruetan: literatura, artea, musika, zinea…

Pozik bizi zen Donostian, harik eta 2017ko iraileko egun batean, Miamitik itzuli berri, non izan baitzen Jon, Barbara eta Aritz jaio berria bisitatzen, epilepsia-dardara modukoak agertu zitzaizkion arte. Berehala ospitaleratu, eta orduan agertu zen tumor gaizto bat zuela buruan.

Arreba zaharrena, arreba nagusia, arreba laztana

Bizi zela, Begoñak beti izan gintuen neba-arrebok bere hegalpean, baina bat ere amakeria barik. Sarri deitzen zigun, momentu txarretan hantxe agertzen zen, beti laguntzeko gertu, eta, gure amak aurretik bere neba-arreben artean bezala, Begoñak lidergo naturala erakutsi zuen gure artean.

Gaixotu zenean, neba-arrebok erabaki genuen astero bisitatuko genuela Donostian, bakoitzak egun batean, berarekin egoteko eta Jabierri atseden apur bat ematearren. Guretzat pribilegio bat izan da azken hilabeteotan berarekin egotea, hitz egitea, barre egitea, sekula ez du-eta umorerik galdu. Hasieran kezkatu egiten zen gugatik. “Zergatik ibili behar zarete hara eta hona, nigatik bueltaka?” galdetzen zigun. Eta guk: “Zuk gauza bera egingo zenukeelako gugatik, eta, batez ere, maite zaitugulako”. Isildu egiten zen orduan, irribarre txiki batekin.

Begoña maitea, arreba laztana, mila esker eman diguzun guztiagatik. Beti eramango zaitugu bihotzean.

Kategoria: Familia Etiketak , , . Gorde lotura.

7 erantzun Begoña hil da, gure arreba zaharrena-ri

  1. egilea: Koldo Rodriguez Bengoa

    Negarra eragin dostazu, Joxe. Benetan eredugarria arrebak zelan eroan daben bere heriotza. Baita zeuek be. Une saminotan, sentitu adiskide ta lagun zaituztegunon arnasa ta besarkada sendoa.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, Koldo, aspaldiko adiskidea. Besarkada handi bat zuri.

  3. egilea: Joseba

    Kaixo Joxe
    Pena haundia Begoña hil dalako.
    Besarkada haundi bat
    Joseba Quevedo

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, Joseba, familiaren izenean. Zuri ere, besarkada handi bat.

  5. atauri egilea: Joxefe

    Kaixo, Joxe:
    Unkigarriak, benetan, Begoñari buruz idatzi dituzun hitzak, eta zelako dotore, gainera.
    Begoñarekin ia harremanik izan ez badut ere, asko sentitu bere heriotza, beti gertuko bilatu dut eta.
    Eutsi goiari!
    Joxefe

  6. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, Joxefe. Besarkada handi bat.

  7. Zure arrebarekin lan egin nuen nik, FPK-an 2004-2006 inguruan edo. Ez nuen arrastorik zure arreba zenik. Emakume indartsua eta bazuen zera bat, sinistu zuen elkarrekin eskuartean genuenarekin. Oroimen horrekin geratzen naiz.
    Aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude