Joan den astean Lanzaroten izan ginen, Kanarietan. Aste ederra izan zen, eguraldi onarekin –zerikusirik ez hemengoarekin–, nahiz eta batzuetan haizea bizi-bizi ibili zen.
Egun batean autobus publikoa hartu, eta Jose Saramago zenaren etxea bisitatzera joan ginen, Tías herrira. Harrigarria egin zitzaigun ez Tíasen, ezta Arrecife hiriburuan ere, ez zegoela informaziorik Saramagoren etxearen gainean. Herrian bertan bi aldiz galdetu behar izan genuen hara iritsi aurretik.
Bisita zoragarria izan zen. Beste zortzi bat lagunekin, bisitatu genuen Saramagoren biblioteka, non Bernardo Atxagaren zortzi bat liburu dauden, eta etxea, bidearen beste aldean. Zapaltzen genuen txoko bakoitzak istorio mordoa zituen, gidariak zoragarri kontatuta. Amaieran, kafe bana eman ziguten bisitarioi etxeko sukaldean, Saramagok horixe bera egiten baitzuen etxera hurbiltzen zitzaizkion guztiekin.
Bisitan bertan jakin genuen zergatik ez dagoen bide-seinalerik Saramagoren etxea seinalatuz. Antza denez, Saramago oso kritikoa izan zen uharteko zenbait udalek turismoaren aitzakian egindako desmasiekin, hotelak-eta egiteko baimenak neurri barik emanez. Udalen batek pertsona non grata izendatu zuen. Eta, mendeku gisa, ez dute jartzen bide-seinalerik edo ez dute informaziorik zabaltzen Saramagoren etxe-museoaz. Eta hori jende dezente joaten dela etxea bisitatzera. Gu astearte batean izan ginen, eta egun hartan berrogei bat lagun izango ginen bisitan, goizeko 10:00etatik 14:30ak bitartean, horixe du-eta ordutegia Saramagoren etxeak, oker ez banabil.
Etxe-museoak liburudenda bat ere badauka, eta hantxe liburu bat erosi nuen, Ensayo sobre la ceguera. Aireportuan, berriz, etxera bueltan gentozela, beste bat ikusi nuen, El cuaderno del año del Nobel, niri deika zirudiena. Erosi eta bi egunean irakurri dut, oso gustura. Idazle eta pertsona handia izan zen, bai, Jose Saramago. Liburu bakarra du Saramagok euskarara ekarria, Lisboako setioaren historia, Jon Alonso idazleak euskaratua, eta hori ere aurten bertan irakurri nahi dut.
Pingback: BOST MINUTUKO IKASTAROA: Diptongoz bukatzen diren hitzen deklinabidea / Joxe Aranzabal / Habe | Eskolaegunezegun