Nire urtebetetze egunean opari bat jaso nuen lehenengo orduan: Google Home Minibozgorailu adimentsua. Opariaren kanpoko papera urratu bezain laster, kaxa ikusi, eta adierazi nien etxekoei barkatzeko, banekien-eta zelako ilusioz egin zidaten oparia, baina nahiago nuela ez hartu. Geroago idatziz jarri nituen nire arrazoiak, eta hona ekarriko ditut:
- Nik dakidala, bozgorailu horrek ez dauka euskara hizkuntzen artean. Hori dela-eta, aparailuak behartuko gintuzke etxean erdaraz egitera, eta ez dut nahi.
- Ingelesez ere egin liezaioke, baina inoiz saiatu naiz Siri-ri ingelesez egiten, eta kasuen %85etan ez dit ulertu, edo gaizki ulertu dit. Guk azentu handia daukagu ingelesez, eta, oraingoz, aparailu horiek ez daude entrenatuta azentuak ulertzeko.
- Esaten badiozu aparailu horri “OK Google, entzun nahi dut Ruperren azken diskoa”, ezingo dizu ipini, non-eta ez daukazun kontu bat Google Music plataforman. Berdin egiten du Amazonek, eta berdin Applek. Zure musika gehiena baldin badago iTunes-en, jai daukazu Googlen aparailuarekin.
- Baldin badauzkazu zerbitzu guztiak Googlekin (Gmail, Maps, Music, Nest, etab.), orduan ondo ibiliko zara, baina beti Googlen “ortutxoan” sartuta, bertatik irten barik.
- Eta azkenik, baina ez azkena inportantzian, sartzen baduzu horrelako aparailu bat zure etxean, sartu duzu mikrofono bat etengabe transmititzen ari dena, eta, une jakin batean, Googlek, poliziak edo auskalo nongo inteligentzia zerbitzuk zure kontra erabil dezaketena.
- Enpresa teknologiko handiek (Facebook, Google, Amazon, Apple…) diru mordoa irabazten dute gure datuak saltzen beste enpresa batzuei. Beraz, gero eta konfiantza gutxiago daukat horiengan.
Etxekoek onartu zituzten arrazoi hauek, eta itzuli egingo dute bozgorailu dotorea.
Liburuekin, arazorik ez
Biharamunean egunpasa egin genuen Bilbon, errekaduak-eta egiten. Arratsaldean liburudenda batera joan ginen, eta han lau liburu oparitu zizkidaten, neuk aukeratuak. Eta denok ere, ezinago pozik geratu ginen. Datozen egunetan izango dut zer irakurri.
Ona, Joxe!
Pingback: Opari bat onartu ez nuenekoa • ZUZEU