Aurten 127 urte bete dira Bergaran Cruz Gallastegi Unamuno jaio zela, zientzialari aparta eta Europan garai oso bat markatu zuena laboreen hibridazioan, alor horretan aitzindaria izan baitzen.
Egia esan, orain gutxira arte ideiarik ere ez nuen nor zen Cruz Gallastegi; irratian entzun nuen lehen aldiz haren izena.
Prestakuntza
Gauza guztien gainetik, atentzioa eman dit zelako prestakuntza akademiko ona lortu zuen Gallastegi gazteak nazioartean, garai hartako genetikalari onenekin ikasi eta praktikatu baitzuen. Badirudi haren aitak zerikusi handia izan zuela horretan, Cruz gaztea zela Limoges hirira bidali baitzuen, han fruta-arbolen mintegi batean lan egitera. Frantzian bi urte eginda, diploma bat jaso zuen Lorezaintzan eta Fruitu-Arbolazaintzan.
Handik Alemaniara joan zen, Hohenheimeko Nekazaritzako Goi Eskolara, Stuttgart ondoan, eta bertan lau urte eginda, titulu bat jaso zuen, ingeniari agronomo baten baliokidea.
Alemaniatik AEBetara egin zuen, eta han unibertsitaterik onenetan ikasi zuen —Harvard, Yale eta Cornell, besteak beste—, irakasle bikainekin. Haietako batek, Thomas H. Morgan, Nobel saria irabaziko zuen geroago.
Galizian
AEBetatik bueltan, Cruz Gallastegi Galizian bizi izan zen, eta hantxe garatu zuen bere lana. Horregatik, seguruenik, ezezagun egin zaigu orain arte gutariko askori.
Juan López Suárez lagun zientzialariak komentzitu zuen Misión Biológica de Galizia sortu berria zuzentzeko. Gallastegiren hitzetan, Misioaren lehen ikerketa-lanek helburua zuten “artoaren hobetze genetikoa, Galizian produkzio handiagoak lortzeko, bukatu nahi zen-eta artoaren inportazioa. Baita gaztainadien arazoa konpontzea, Europan desagertzen ari ziren-eta, tinduaren erruz”.
1924an, 33 urte zituela, Elisa Fraiz y Tafall izeneko andrearekin ezkondu zen Santiagon, zeinekin bi seme-alaba izan zituen: Lourdes eta Juan Antonio.
Misioan zebilela, Gallastegik uztartu zituen ikerketa aplikatua, zientzialari gazteen prestakuntza eta harremanak munduko beste ikertegiekin. Urteetan, Galiziako Misio Biologikoa eta Bergamoko Maiscoltorako Estazioa, azken hau Italian, aitzindariak izan ziren Europan landareen genetikan. Biak, gainera, harremanetan zeuden Conneticut-eko Nekazaritza Esperimentaleko Estazioarekin. Horrezaz gain, Gallastegik nazioarteko kongresu askotan hartu zuen parte. Horretan lagungarri izan zuen zazpi hizkuntza jakiteak: euskara, gaztelania, frantsesa, alemana, ingelesa, galegoa eta italiera.
Galizian bizi zela, bat egin zuen Errepublika garaian han loratu zen kultur berpizkundearekin. Horrek arazoak ekarri zizkion Gerra Zibilaren ostean, prentsa falangistak akusazio gogorrak egin zizkion-eta. Hala ere, segitu zuen Misioko zuzendari moduan, nahiz eta ordura arteko ikerketa lerroak kolokan geratu ziren.
Azken urteak
Ez dago informazio askorik Cruz Gallastegiren azken urteen inguruan. Jakina da haren lan-egoera gorabeheratsua tarteko, 1949an Valladolidera joan zela, bertan hazi-enpresa batean lan egitera. 1953an, berriz, itzuli egin zen Pontevedrara, non segitu baitzuen publikatzen.
Cruz Gallastegi Pontevedran hil zen, 1960ko ekainaren 7an. Haren jaioterriak, Bergarak, kale bat eskaini zion. Baita Santiago de Compostela eta Pontevedra hiriek ere.
Cruz Gallastegi, Wikipedian
Jakin nahi duenak zabalago nor izan zen Cruz Gallastegi Unamuno, eta zergatik izan den inportantea, euskarazko Wikipedian aurkituko du informazio gehiago.