Zaila da emakume zientzialaria izatea, baita goi mailakoa ere, eta gizarteak aitortzea lan hori behar den moduan. Galde diezaiotela, bestela, Donna Strickland fisikari kanadarrari, zeinak urriaren 2an Fisikako Nobel saria irabazi baitzuen, “laser pultsu labur eta indartsuak garatzeko teknika batengatik”, gaur egun mundu osoan erabiltzen dena medikuntzan, begietako ebakuntzetan, esate baterako.
Irakasle laguntzailea
Strickland irakaslea da Waterloo-ko Unibertsitatean, Ontarion, baina ez irakasle titularra, baizik eta irakasle laguntzailea. Hori jakin denean —Nobel saria jasotzeko beste meritu duen pertsonak ez egin izana, antza, nahiko meriturik irakasle titularra izateko bere unibertsitatean—, jende askok haserrea erakutsi du. Waterlooko Unibertsitateko errektoreak erantzun du laster izango duela Strickland doktore andreak aukera irakasle titularra izateko, baina hori lortze aldera, unibertsitatearen araudiak ezartzen dituen pauso guztiak bete beharko dituela Nobel saridun berriak. “Hori bai, esan diot ez duela zertan bidali behar bere curriculum osoa, nahikoa dela bertsio laburrarekin”, gehitu zuen errektoreak unibertsitatean egindako prentsaurrekoan.
Hainbati ez dio grazia handirik egin egoera horrek, agerian utzi du-eta beste behin, emakume zientzialariei askoz ere gehiago kostatzen zaiela jendartearen aitortza jasotzea, emakumeak direlako. Donna Strickland-ek berak gogorarazi duenez, Maria Goeppert Mayer fisikari teorikoari urte luzeetan ez zioten ordaindu bere lanagatik. Denen lotsarako, bera izan zen Fisikako Nobel sariduna 1963an. “Niri, behintzat, ordaintzen didate nire lanagatik, besteen parean”, aitortu du Fisikako Nobel saridun berriak.
Wikipedian ere, arazoak
Orain bost hilabete inguru, 2018ko maiatzaren 23an, Ingelesezko Wikipediako editore batek atzera bota zuen Donna Strickland fisikari kanadarrari buruzko artikuluaren zirriborroa, “artikuluan egindako erreferentziek erakusten baitute subjektuak ez duela merezi artikulu bat Wikipedian”.
Joaneko urriaren 2an Suediako Zientziaren Errege Akademiak jakinarazi zuenean nortzuk izango ziren urte honetako Fisikako Nobel saridunak, eta bertan Donna Strickland agertu zenean, ingelesezko Wikipedian ere, berehala agertu zen hari buruzko artikulua, oraingoan bai, traba barik.
Ingelesezko Wikipedian maila handiko erreferentziak eskatzen dira, eta horregatik, igoten diren artikulu asko draft egoerara pasatzen dira, zirriborro izatera, argitaratu aurretik editore batek oniritzia eman diezaien. Emakume zientzialariek, berriz, arreta gutxi jasotzen dute Interneten. Beraz, material nahikorik ez maila handiko erreferentziekin hornitzeko eurei buruzko artikuluak. Hori dela-eta, eztabaida piztu da Wikipediako editoreen artean, zelan konpondu desoreka hori.
Zorionez, Donna Strickland emakume alaia da, eta pozik dago aukera duelako bere ikerkuntza lanarekin segitzeko. Waterlooko Unibertsitateko ikasle batek The National albistegian gogorarazi zuen Strickland oso aberatsa izan zitekeela gaur egun, “patentatu izan balu bere aurkikuntza, diru parrasta irabaziko zuen-eta. Baina erabaki zuen ez patentatzea, gizateriaren onerako izango zelako”.
Hau duk artikulu puska, Joxe!