Pablo Areso hil da, gure irakaslea Saturrarango seminarioan. Mende erdi luze joan da hara iritsi ginela 11 urterekin. Hala ere, Pablo Areso beti izango dut gogoan, pertsona moduan eta irakasle gisa.
Saturraranera iritsi ginenean berak 33 bat urte izango zituen, eta hango zuzendaria zen. Ezinago zaharra, guretzat. Gizon lasaia zen, batzuetan distantea, eta gehienetan hurbila. Bereziki lau gauzagatik dut iltzatuta haren oroimena:
- Oihaneko liburua. Literatura irakasten zigula, beti gordetzen zituen eskola-orduaren azken hamar minutuak bozgoraz irakurtzeko Oihaneko liburua,Rudyard Kipling-en nobela zoragarria. Hamar minutu haiek loriaren aparretan izaten ginen, ahozabalik entzuten Pabloren ahots aldaketak eta istorioaren gorabeherak.
- Tintinen abenturak. Gaizki oroitzen ez badut, ostegun iluntzetan zine-aretora joaten ginen seminarista guztiak, eta han Tintinen abenturak kontatzen zizkigun, filminen laguntzarekin. Pantailan testuak-eta frantsesez agertzen ziren, baina berak itzultzen zizkigun gaztelaniara, grazia bereziarekin. Ahaztu ezinezko momentuak izaten ziren, izugarri dibertigarriak.
- Saturrarango aldizkaritxoa. Ez dut gogoan zer izen zuen, baina bigarren mailan Pablo Aresok jarri gintuen zenbait lagun ale bakarreko aldizkari xume hartan lanean, neu barne. Hantxe eman nituen lehen pausoak kazetaritzan.
- Ekain kobazuloa. Seminarioa utzi eta urte dezentera, gure kurtsoko ikaskideak Zestoan elkartu ginen, hantxe bazkaltzeko. Bazkaldu aurretik baina, Pablok bisita gidatua eskaini zigun dozena erdi laguni Ekain kobazuloan. Esperientzia berezia izan zen koba bisitatzea, berak inork baino hobeto ezagutzen zituen-eta bertako barrunbe eta altxorrak.
Gure bizitzak bereiztu zirenetik, Pablo Aresok bide luzea egin zuen Aranzadi elkartean, esate baterako. Tartean, laupabost aldiz baino ez dugu topo egin, eta sekula ez zitzaion joan irribarre lasai hura.
Gaur ezin izango naiz joan haren aldeko hiletetara, baina haren arrastoa beti izango da nirekin. Besarkada bero bat Jesus Areso Pabloren anaia eta gure irakasle izan zenari ere.