Joan den larunbatean, Iruñera joan aurretik, aukera izan genuen Stephen J. Augustine ezagutzeko, Kanadako míkmaq natibo bat, irakaslea Cape Bretongo Unibertsitean, eta míkmaq jendearen enbaxadorea.
Stephen J. Augustine Euskal Herrian dabil egun hauetan, harremanak sakondu nahi ditu-eta Mondragon Unibertsitatearekin eta, oro har, kooperatiba mugimenduarekin. Beraren ustez, kooperatiba alternatiba ona izan daiteke míkmaq tribuentzat, Kanadako Ekialdean barreiatuak, 30.000 lagun ingururekin.
Kafe baten bueltan, Stephen J. Augustinek azaldu zigun míkmaq jendeak zelan ulertzen duen mundua, eta berton gizakiok zer rol dugun. Izadiari lotutako ikuskera oso bat, gurea baino lotuagoa, eta ezinago ederra.
Stephen J. Augistinek badaki XVI. mendean míkmaq herriak eta euskal baleazaleek zelako harreman (jeneralean) ona izan zuten Labrador inguruetan, eta nahiko luke harreman hura luzatu denboran etorkizunari begira. Lortuko ahal du!