Garai batean, erosi nuenean lehen laser-inprimagailua, Jakin aldizkariaren pegatina bat jarri nion, omenaldi gisa. Aldizkariaren 225. zenbakia irakurrita (goitik behera leitu dut), ageriago geratu zait orduko jakinlariek euskararen batasunari egindako ekarpen handia.
Zehazki, hauxe du izenburua aleak: “Euskara batuak 50 urte. Noranahiko izateko erronka”. Goitik behera irakurri dut, eta irakurri ahala, azpimarratzen joan naiz han eta hemen aurkitu ditudan ideia edo datu interesgarriak: Lorea Agirreren atarikoan, jakinlari historikoen iritzietan, Irene Arraratsen eta Pruden Gartziaren artikulu luzeetan, eta jasotako 22 iritzietan.
Badakidanez behin baino gehiagotan itzuliko naizela Jakin aldizkariaren zenbaki honetara, apalategiaren leku berezian ipini dut, aldizkariaren beste ale esanguratsu batzuen ondoan, behar dudanerako.
Eskerrik beroenak jakinlari historikoei eta gaur egungoei egin duzuen lanagatik!