Zelan ikusten gaituzte beste aldetik?

Aitor Montes doktorea, berau Aramaioko medikua, OEEren kongresuan hitz egiten. Argazkia: Goiena

Ostiral honetan Arantzazun izan naiz, Osasuna Euskalduntzeko Erakundeak gonbidatuta, erakunde horren XXVIII. kongresuan hitz egiten. Mahai-inguru batean parte hartu nuen, eta bertan paziente onkologiko baten ikuspegia eman nuen. Nire hitzaldiak izenburu hau zuen: “Zelan ikusten gaituzte beste aldetik?”, eta hauxe da hantxe esandakoa:

Laster 16 urte izango dira Osakidetza nire bizitzan sartu zela modu nabarmenean, eta betiko. Hori izan zen 2002an, 50 urte betetzear nintzela, aurkitu zidatenean linfoma folikular bat. Tratamendua luzea izan zen: zazpi hilabete kimioa hartzen, sei saio, eta tratamendu monoklonala, minbiziari modu selektiboagoan erasotzeko. Hala ere, harekin erabat osatzeko bermerik ez-eta, hezur-muinaren transplantea egin zidaten Valdecillako Ospitalean, Santanderren, mini-alotransplante bat, eta kasu hartan emailea nire arreba gazteena izan zen, Fatima.

Guztira bi urte igaro ziren berriz lanera itzuli arte. Denbora hartan, Osakidetzako profesionalek ezinago hobeto zaindu ninduten: medikuek, erizainek eta bestelako profesionalek. Hematologoarekin bereziki zorte handia izan nuen, komunikatzaile aparta delako: beti esplikatu izan dizkit gauzak ikuspegi praktiko batekin, nik aurrera egiteko behar izango dudana.

Harrezkero nire harremana Osakidetzarekin iraunkorra da, gaixotasun hark bigarren mailako ondorioak utzi zizkidalako, eta bi eremutan gertatzen da: Galdakaoko Ospitalean eta Elorrioko anbulatorioan.

Komunikazioa

Orain artean, bi eremu horietan, ospitalea eta anbulatorioa, komunikazioa ona izan da, niri dagokidanez behintzat.

  • Galdakaoko Ospitalean. Minbizia osatzeko tratamenduak begietan utzi zidan ondoriorik nabarmenena, transplantearen ostean, sikatu egin zitzaizkidan-eta. Eta horren ondorioz, blefaritisa agertu zitzaidan begiotan. Hori dela-eta, hiru hilabetez behin joaten naiz Galdakaora. Hiru eremu zapaltzen ditut ospitalean: Erizaintza, Oftalmologia eta Hematologia. Erizaintzan odola ateratzen didate, hodi mordoa, odol horrekin serum autologoa egiteko, azken hiru urteotan horrekin ari zaizkit-eta tratatzen blefaritisa. Pare bat hodi, bestalde, Hematologiarako izaten dira. Handik Oftalmologiara joaten naiz. Bertan, kontuan hartuta zenbat jende dabilen gora eta behera, gehienak edadetuak, han, diot, oso ondo tratatzen gaituzte. Izugarri lanpetuta dabiltza, baina bakoitzarekin denbora hartzen dute, bai erizainek eta baita medikuek, eta ganoraz esplikatzen digute zelan doazen gauzak. Azken urteotan Oftalmologian zazpi bat medikuk ikusi naute, denak oso onak, eta horietatik hiruk euskaraz azaldu didate guztia. Oftalmologian amaitutakoan Hematologiara joaten naiz, bertan odol analisiaren emaitzak ikusi eta miaketa bizkorra egitera. Hematologian nire medikuak ez daki euskaraz, baina konturatzen naiz bere taldean gero eta mediku gehiago daudela euskaldunak.
  • Elorrioko anbulatorioan. Bi tronbo-flebitis eduki ondoren, betiko hartu behar dut Sintrom, odol-diluitzaile famatua. Hortaz, sarri joaten naiz anbulatoriora. Bertan, mediku euskaldun bat izan dugu hamar bat urtez, eta bai ni eta baita nire ingurukoak, oso pozik ibili gara harekin, haren profesionaltasunagatik, komunikazio onagatik eta euskaraz ziharduelako. Orain urte erdi, ostera, titularra etorri da, eta horrek ulertu bai, baina ez du euskaraz hitz egiten. Hori dela-eta, nik euskaraz hitz egiten diot, eta berak batik bat gaztelaniaz erantzuten dit. Alegia, ni Ahobizi, eta hura, Belarriprest. Lehen aldia da horrelako harremana dudala mediku batekin. Eta badakit Elorrion bertan, eta mediku berarekin, ez naizela bakarra horrela jokatzen. Hortaz, horra beste esparru bat Osakidetzan ireki daitekeena, batez ere aintzat hartuta Euskaraldiak ere antzeko bide bat proposatzen duela. Alegia, euskaraz ulertzen dutenekin norberak euskaraz hitz egitea, nahiz eta haiek gaztelaniaz erantzun. Sintrom kontrolatzeko erizainari dagokionez, erizain titular gazte bat etorri zitzaigun iaz, euskalduna. Hor garbi irabazi dugu.

Aurrera goaz

Oro har, konforme nago Osakidetzarekin dudan komunikazioarekin. Mediku onak eta profesional onak ikusten ditut lanean, ahalik eta ondoen dihardute, kariñoz tratatzen gaituzte. Eta lasai nago, ikusten dudalako gero eta profesional gehiago datozela euskaraz dakitenak.

Hala ere, badut kezka bat: Hego Euskal Herrian Osakidetza eta Osasunbidea dira zerbitzurik baloratuenak gure sistema autonomikoaren barruan. Eta beldur naiz gure politikariek ez ote duten errekara botako, Abiadura Handiko Trena eta horrelako lan erraldoi justifika gabeak finantzatzeko, horra joango diren dirutzak nonbaitetik kenduko dituzte-eta: seguruenik osasunetik eta hezkuntzatik.

Segi entzuten gaixoei

Seguruenik, konturatu zarete gero eta gaixo euskaldun gehiago ari dela idazten edo hitz egiten beraien gaixotasunaz. Bi adibide jarriko dizuet, nahi baduzue gaixo horien esperientzien berri izan.

Bat da Mikel Lizarralde eibartarra. Enpresa teknologiko batean egiten du lan, eta orain dela gutxi hasi da bere blogean idazten gaitz etorri berriaz. Bere lehen artikuluak izena du Medikuak esan dit esklerosi anizkoitza dudala, eta Eibar.org blog komunitatean aurki daiteke.

Beste kasuaren berri Euskadi Irratian izan nuen, autoan nindoala, eta, zoritxarrez, ez nintzen geratu emakume haren izenarekin. Bularreko minbizia izan du, baina metastasiduna. Garbi hitz egin zuen, euskara ederrean, zertan den bere gaixotasuna, zelan egiten dion aurre eta zelan erabiltzen dituen sare sozialak beste gaixoekin saretzeko.

Segi ondo, eta mila esker eskaini didazuen arretagatik.

Kategoria: hitzaldiak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Zelan ikusten gaituzte beste aldetik? bidalketan

  1. Pingback: Zelan ikusten gaituzte beste aldetik? • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude