Joan den azaroa ezkero, CBC Kanadako Telebista Publikoak alde batera utzi du ingelesezko katean urteetako eredua, zeinaren arabera aurkezle bakarrak azaltzen zituen albistegiak. Harrezkero, eta Kanadaren aniztasuna bistaratu nahian, lau aurkezlek esplikatzen dituzte berriak gaueko albistegian, The National izenekoa. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Rosemary Barton, Andrew Chang, Adrienne Arsenault eta Ian Hanomansing.
Aniztasuna modu askotara erakusten ari da The National albistegia:
- Generoa. Lau aurkezleetatik, bi gizonak dira, eta bi emakumeak.
- Arraza. Bi aurkezle zuriak dira. Bat asiar jatorrikoa. Eta laugarrena indiar leinukoa, nahiz eta Trinidad eta Tobagon jaioa izan.
- Lurraldetasuna. Bi aurkezlek Toronton egiten dute lan, Kanadako hiririk handiena. Beste batek Vancouverren. Eta laugarrenak Ottawan, Kanadako hiriburua. Aurretik baina, hiruk lan egin dute Kanadako Mendebalean. Euretariko beste hiruk Quebecen jardun dute lanean.
- Kazetaritza. Laurek dute esperientzia erreportari moduan, eta sariak jaso dituzte euren kazetaritza-lanagatik. Bi espezializatuta daude politikan, eta bat informazio lokalean. Halaber, aurretik denek egin dute lan irratian.
Albistegietako zuzendariak, Jennifer Maguire, horrela azaldu du modelo berria: “Nahi genuen benetako talde nazional bat, herrialdea ordezkatzen duena eta nabarmentzen dena kazetaritzan eta historiak kontatzen”. The National sei ordu-eremutan ematen da, eta, behar denean, eguneratu egiten da batetik bestera.