Azken aldi honetan Yatsujiro Ozu zine zuzendari japoniarraren bi film euskaratu ditut: Tokyo Monogatari (Bidaia Tokiora) eta Banshun (Udaberri berantiarra). Eta bietan emakume aktore batek eman dit atentzioa: Setsuko Hara. Irakurtzen hasi haren inguruan, eta jakin dut Japonian mito bat izan dela, eta oraindik ere badela. Hainbeste, ze “Betiereko birjina” deitzen baitzioten, sekula ez zen-eta ezkondu.
Ozu hil zen urte berean zinema utzi eta Kamakuran jarri zen bizitzen, Ozurekin egindako film asko errodatu ziren lekuan, Tokiotik gertu. Mende erdiko bakartasuna igarota —aldi hartan Harak apenas eman zuen elkarrizketarik—, orain bi urte hil zen Setsuko Hara, 2015ean, 95 urte zituela.
Sennen Joyû (Milurteko emakume aktorea) anime filma, berau ere euskaratuta, neurri batean Setsuko Hararen bizitzan dago inspiratuta.