Singin’ in the Rain filmean dantzek eta kantuek garrantzi handia dute, zerbaitengatik aditu askok diote berau dela inoizko film musikalik onenetakoa. Hala ere, aktore nagusien artean, bazegoen bat, Debbie Reynolds, ez zetorrena dantzatik, aurretik gimnasta izan baitzen. Hori zela-eta, neskak dezente sufritu zuen film hura errodatu bitartean.
Debbie Reynoldsek bere memorietan kontatu zuenez, errodaje-egun batean, Gene Kelly (pelikulako zuzendarietako bat, aktore nagusietako bat, dantzari printzipala eta koreografoetako bat), musikaletako fenomeno hura haserretu egin zen berarekin, eta sekulako errieta egin omen zion, iraintzeraino. Egun hartan, edo biharamunean, Fred Astaire aktore eta dantzari mitikoa agertu zen estudioan, bisitan, eta aurkitu zuen Debbie Reynolds negarrez piano baten pean. Entzunda zer gertatu zitzaion, Fred Astairek laguntzea eskaini zion neskari bere numero dantzatuetan. Geroago, Kellyk onartu zuen egun hartan ez zela ondo portatu Reynoldsekin. Harritu ere egin zen ondoren Reynoldsek ez ziolako hitza erretiratu.
Antza denez, egun oso bat behar izan zuten Good Morning izeneko dantza grabatzeko, goizeko 08:00etatik, gaueko 23:00etara. Bertan parte hartu zuen Gene Kelly, Donald O’Connor eta Debbie Reynolds hirukoak. Eguna amaitutakoan, Debbie Reynoldsen hankak odoletan omen zeuden.
Urteak igarota, Debbie Reynoldsek aitortu zuen bere bizitzako gauzarik gogorrenak izan zirela Singin’ in the Rain grabatzea eta bere umeez erditzea. Ume horietako bat izan zen Carrie Fisher, Star Wars filmeko Leia printzesa ahanztezina, zeina hil baitzen 2016ko abenduaren 27an. Debbie bera biharamunean hil zen, ezin gainditurik alabaren heriotza.