Igande gauean zain jarri ginen telebistaren aurrean, ikusteko Auzolan, Euskal Telebistaren saio berria, neurri batean Herri people saioaren zenbait atalek utzitako zapore ona oroimenean. Saio bien arteko lotura agerikoena, jakina, aurkezlea da, Ibon Gaztañazpi.
Oro har, gustura ikusi nuen saioa —Itsasoko bizilagunek auzolanean konpondu behar zituzten Kizkitzako ermita eta beronen inguruak— nahiz eta, zenbait unetan, Mariaren alaben ekintza ematen zuen, auzotar zenbaitek behin eta berriz adierazi baitzuten izugarrizko kar, fede eta debozioa hango ama birjinarekiko. Eskerrak ogileak kontrapuntu laikoa eskaini zuen, behiala Tolosako kaleetatik hara aldatutako hippy modukoa.
Ibon Gaztañazpi sinpatikoa da, irribarre errazekoa, eta oso natural mugitzen da kamera aurrean. Baliabide asko ditu, batez ere baserri giroko inguruetan aritzeko. Baina arriskua izan lezake, sinpatikoaren sinpatikoz, saioa gehiegi azukreztatzeko. Igandean, esate baterako, faltan sentitu nuen galdera egitea Eliza katolikoak herri askotan izan duen jokamoldeaz Kizkitza bezalako ermita eta kultu-lekuekin. Hiru galdera, behintzat, egingo nizkien auzolangileei:
- Norena da Kizkitzako ermita, herriarena ala elizarena?
- Herriarena bada, zer gertatuko litzateke elizak bat-batean bereganatuko balu?
- Zer deritzozue auzolangileok elizak herri askotan egin duenari, horrelako ermitak eta kultu-lekuak bereganatuta, berez herriarenak zirenak? (Elorrion horixe gertatu zen Gazeta auzoko ermitarekin, auzotarrek ermita eta inguruak ezinago txukun konpondu ondoren).
Ikusten da saioko arduradunek, lehen atal honetan behintzat, nahiago izan dutela saio adeitsua egin, amablea, horrelako galderek eragin lezaketen ertzik barik. Pena da, zeren uste baitut aurkezlearen sinpatiak erraztuko lukeela galdera konprometituagoak ere egitea, haserrerik piztu barik. Hartara, gainera, saioak bizitasuna irabaziko luke.