Elizak Debagoienean bereganatutakoa

S.Isidro

San Isidro eliza, Musakola auzoan, Arrasaten.

Joan den ostiralean Berria egunkariak erreportaje interesgarria ekarri zuen, bertan azalduta azken aldian Eliza katolikoak 1.612 ondasun bereganatu dituela Hego Euskal Herrian, tartean elizak, futbol-zelaiak, plazoletak, ermitak, etxeak, hilerriak, ortuak, basoak eta lursailak.

132 ondasun Debagoienean

Debagoiena ez da salbuespena izan, eta Berria-k emandako datuen arabera, bertan Elizak 132 ondasun bereganatu ditu, horrela banatuta:

  • Leintz-Gatzagan (4 ondasun): Eliza (1986), bi ermita (1986) eta santutegia (1986).
  • Eskoriatzan (45): Etxea (1981), bi eliza (1981), ermita (1981), etxea (1982), bi baratza (1982), etxea (1988), bi baratza (1982), plaza (1984), futbol zelaia (1984), ermita (1984), bi lursail (1984), bost eliza (1986), bi etxe (1986), baratza (1986), bi lursail (1986), bost ermita (1986), bi hilerri (1986), hiru baso (1986), eliza (1988) bi baratza (1988), bi etxe (1988), lursaila (1988), hilerria (1988) eta hiru ermita (1988).
  • Aretxabaletan (16): Bi ermita (1981), baratza bat (1981), bost eliza (1986), lau hilerri (1986), bi ermita (1986), aretoa (1986) eta etxea (1989).
  • Arrasaten (21): Eliza (1983), bost eliza (1986), bederatzi lursail (1986), bi hilerri (1986), etxea (1986), baratza (1986) eta bi ermita (1986).
  • Bergaran (18): Bi eliza (1981), plazoleta (1981), etxea (1981), ermita (1981), bi lursail (1981), eliza (1986), ermita (1984), hilerria (1984), eliza (1985), bi ermita 1985), eliza (1987), hiru ermita (1993) eta ermita (2007).
  • Elgetan (1): Eliza (1983).
  • Antzuolan (6): Bi eliza (1985) eta lau ermita (1985).
  • Oñatin (21): Lau eliza (1986), 11 ermita (1986) eta sei santutxo (1986).

Bereganatze hauek guztiak egin ziren Jose Maria Setien Gipuzkoako gotzaina zela (1979 – 2000). Berria-k dioenez, “Nahiz eta ondasunak herri bakoitzeko parrokiaren izenean agertzen diren kasu gehienetan, Setien bera ageri da paperetan parrokiaren buru”. Debagoienaren kasuan, atentzioa ematen du Eskoriatzak, non bertako abadeak 45 ondasun erregistratu zituen.

Elizak legez bereganatu zituen ondasun horiek, Francok 1946an eta Aznarrek 1998an egindako bi lege baliatuta, baina etika eta lotsa handirik erakutsi barik. Ondasun horiek guztiak tokian tokiko herritarrek sortu eta konponduak dira, historian barrena euren poltsikoetatik ordainduta. Nik dakidala, kasu horietan ez da ezelango dohantzarik gertatu. Alegia, udalek edo herritarrek ez diotela eman Elizari herriarena zena, bazik eta Elizak hartu egin du, aprobetxatuta lege horiek hor zeudela.

Teknikoki, immatrikulazioa esaten zaio Elizak egindakoari. Euskara garbian, lapurreta zuria.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude