Orain zortzi urte egin nuen azken lasterketa. 11 km. izan ziren Arrasate eta Oñati artean, konpainia noblean eginak. Amaitutakoan, idatzi nuen hura izango zela nire azken lasterketa, baina berriro erori naiz tentaldian.
Gaur eguerdian gertatu da, Santxibiri lasterketan, Elorrion bertan. Begorekin batera joan naiz, jakinda tropelaren atzealdean ibiliko ginela, gazte asko eta onak baitzeuden lasterkarien artean.
Arrasaten orain zortzi urte bezala, ziztu bizian abiatu dira lasterkariak, eta gu atzean, baina ohi baino dezente agudoago. Horrela egin dugu lehen itzulia, estu samar eta tropelaren atzealdean, eta bigarrenaren erdian gindoazela, lasaiago, ziztada mingarri bat igarri dut eskuin hankaren sagarren azpian, eta geratu egin naiz. Begok bakarrik amaitu behar izan du. Meritu itzela dauka, zeren azken aldi honetan oso gutxi egin baitu arineketan, zaintiratu bat eta katarroa tarteko.
Ikasgaiak
Bi ikasgai atera ditut gaurko esperientziatik:
- Lasterketa bat hasi aurretik, kilometro bat-edo egin behar dut, poliki-poliki, hankak modu naturalean bero daitezen. Gaur, betiko moduan, egin ditut berotze ariketak, baina garbi dago lasterketa batean hori ez dela nahikoa, ez nire kasuan.
- Jendearen esanak gorabehera, utzi tropelari joaten, eta hartu nire erritmoa, eroso sentitzen naizen hori.
Ea zenbat denbora behar dudan mina kendu eta berriz ere errepidean hasteko.