Heriotzaz, garbi

heriotza

Oso gustura irakurri dut aste honetan Argia astekariko elkarrizketariko bat, Unai Brea kazetariak Iñaki Olaizola adituari egindakoa heriotzaren inguruan. Hitz zuhurrak eta zentzuz beterikoak esan ditu ingeniari ohi donostiarrak:

  • Mendekotasuna. Gaur egun zaharraren zaharrez hiltzen gara normalean. Eta, normalean, gaixotasun edo mendekotasun epe luze bat pasa ondoren. Batez beste 6-7 urte bizitzen gara mendekotasunean.
  • Beldurra. Jende gehienak hiltzeari baino, gaizki hiltzeari dio beldurra.
  • Kalitatezko heriotza. Oraindik indarrean dago Elizak daukan ideia: kalitatezko heriotzak sufrimendua behar du. Erredentzioa. Nik uste dut horretan ia inork ez duela sinisten gaur egun.
  • Eutanasia eta sedazioa. Eutanasia aipatzen baduzu —kontuan hartuta beti ere oso egoera txarrean zaudela, ez dela kapritxo bat—, pertsona bati hiltzen laguntzeaz ari zara. (…) Aldiz, sedazioa da egoera berean esatea “pertsona honi hiltzen ezin diogu lagundu, baina mina kenduko diogu”, nahiz eta jakin emango zaizkion botikekin handik ordu batzuetara hilko dela.
  • Lege-proiektua. Ez zait gustatzen (EAEn) egiten ari diren legea, hiru arrazoirengatik. Bat: sufrimendu handia eskatzen da. (…) Bi: erabiltzen den diskurtso faltsua; hiltzen laguntzea debekatuta dago, eta mina kentzea da egin behar dena, nahiz eta jakin horrek nora zaramatzan. (…) Eta hiru: nondik datorkie medikuei botere hori? Zergatik egon behar da haien borondatea egoera horretan dagoen pertsonaren borondatearen gainetik?
  • Aldaketa kulturalak. Bata da pertsonak hartu duen nortasuna, ahalduntzea. “Nik agintzen dut nire bizitzan”. Bestea da erlijioaren eragina ahuldu dela.
  • Eliza. Elizak ez du bere lana ondo egiten, heriotza-errituari dagokionez. Oso kalitate txarreko hiletak egiten ditu. (…) Darabilten diskurtsoa ez da sinesgarria gehienentzat. Kontuan hartu beharko lukete zibila dela, edo erdiak behintzat ez direla fededun, ez hildakoa ez gertukoak, eta ekintza sozial batera joaten direla horra. (…) Sinestunentzat besterik ez dute hitz egiten, haragiaren berpizteaz, eta abar.
  • Katedral zibilak. Katedral zibilak egin beharko lirateke; azken agurra egiteko leku antropologikoak. Bestalde, ez dugu ahaztu behar elizak herriaren diruz eraiki direla, eta jende askorentzat, sinestun ez izan arren, leku antropologikoak direla: azken agurra herriko elizan egitea nahi lukete. Beraz, eliza bakoitzak bi kudeatzaile izan beharko lituzke, bata erlijiosoa eta bestea zibila.

Astirik hartzen baduzue, irakurri elkarrizketa osoa, merezi du-eta.

Kategoria: heriotza Etiketak , , , . Gorde lotura.

3 erantzun Heriotzaz, garbi-ri

  1. egilea: Julen Abasolo

    Bai, bai, interesantea eta bete betean joten duena.
    irakurriko dut

  2. Pingback: Heriotzaz, garbi - zuzeu.eus

  3. egilea: Alberto

    Oso ondo laburtua, Joxe. Gaiak ematen du zer esan eta zer pentsa. Ea debatea zabaltzen dugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude