Toscana bisitatzen

IMG_20151015_131125

Volterran termometroa hotz, baina bihotzak bero.

Joan den astean Toscanan izan nintzen, Italian. Beste bost lagunekin batera, Bilbotik abiatu nintzen Florentziara bidean, Munich-etik igarota. Seietatik, Bego eta biok ginen bakarrak aurretik han izan bakoak. Baina Jabier genuen gure artean, historia eta arte zalea, eta berak gidatu gintuen batetik bestera.

Florentzian bertan ostatu hartuta, lehen hiru egunak hantxe egin genituen, bertako eliza, plaza, kale eta museorik adierazgarrienak bisitatzen. Liluratuta geratu nintzen Uffizi galeria bisitatzen: hango edertasunak! Bertan ikus daiteke Berpizkundeak zelako indarra izan zuen, eta Florentziak zelako eragina izan zuen munduan. Domo delakoak ere harritu egin ninduen, itzela bezain ederra baita. Eta zer esan alde zaharraren inguruan, oso atsegina baita bertako kaleetan ibiltzea.

Lehen hiru egunak Florentzian eginda, furgoneta bat alokatu genuen azken bi egunetarako, eta Mikel gidari, Toscanan ibili ginen:

  • Volterra. Hotz egiten zuen, baina gustura ibili ginen etruskoen herrian, bertako kaleak, alabastroko dendak eta dorreak miresten.
  • San Gimingnano. Herri ederra, baina turista gehitxorekin aukeran. Inguru politak ditu, hala ere, mahasti eta olibadi ikusgarriekin.
  • Siena. Ezusteko atsegina. Nortasun handiko katedrala du, ikusgarria, baina bertan arkitektura zibila ere txotina kentzeko modukoa da.
  • Pisa. Herri polita. Eta dorrearen inguruan, benetan ikusgarria. Pisako arkitektura ederra da, dotorea eta estilizatua.
  • Viaggio. Itsasoari begira dago, kirol-portu izugarria du, eta hondartza amaigabea. Hala ere, aurrekoen aldean, ezer gutxi, nire gusturako, jakina.
  • Luca. Katedrala ez zitzaidan hainbeste gustatu, baina bai herriko plaza, erromatarren garaiko anfiteatro baten gainean eraikia.

Bost egun izan dira, zoragarriak. Aspaldi nuen Toscana bisitatzeko guraria, Migel Angel Buonarrottiren gaineko biografia nobelatu bat irakurri nuenetik, La agonía y el éxtasis, eta kriskitinak baino pozixago etxeratu naiz.

Flickr-en jarri ditut bidaian ateratako argazkiak, baten batek ikusi nahi baditu.

Kategoria: Bidaiak Etiketak , , , , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude