Leslie Morgan idazleak oso gazterik nozitu zuen etxeko indarkeria, 22 urterekin ezkondu baitzen, erabat maiteminduta, bere erasotzaile gupidagabea izango zenarekin. Bi urte eta erdi infernuan bizi izanda, erabaki zuen argia egitea bere egoeran, eta mundu guztiari esan zion senarrak jo eta tratu txarrak eragiten zizkiola: poliziari, gurasoei, lankideei, lagunei, ezezagunei… Horrela utzi zuen infernua. Harrezkero, berriz ezkondu eta hiru seme-alabarekin bizi da, ezin pozixago.
Hitzaldi honetan, Leslie Morganek azaltzen digu etxeko erasotzaileak zer pauso ematen dituen bere biktima suntsitzeko:
- Biktima liluratu: “zeu zara, laztana, munduko onena”.
- Biktima bakartu, bere ingurunetik aterata.
- Une jakin batean, indarra erabiltzen hasi, biktima mendean hartzeko.
- Biktima hil.
Hizlariaren ustez, tratu txarrak isilpean gordetzeak indarra ematen dio erasotzaileari. Horregatik, uste du eraginkorragoa dela argia egitea, berak egin zuen bezala, etxea isilpean uztea baino, estatistikek frogatzen baitute egoera horietan gertatutako hilketa guztien %70 gertatzen direla biktimak etxea utzi ondoren.
Leslie Morgan hizlari paregabea da, eta ezin argiago kontatzen du bere esperientzia bideo honetan. Zuen denboratik ordu laurden bat hartu badezakezue, entzun hitzaldia, nahi baduzue azpidatziekin (zoritxarrez, euskarazkoak falta dira hor). Ez zarete damutuko.