Hermann Zapf tipografo handia

Zapf

Ekainaren 4an Hermann Zapf hil zen (esaten omen da “tsáff”), tipografo alemaniarra. XX. mendeko tipografo mitikoetako bat. Bereak dira letratipo hauek: Palatino, Optima, Melior, Aldus, Zapfino eta Zapf Dingbats ikusgarriak (Dingbats direlakoak ez dira testua. Dingbat esaten zaio tipografian erabiltzen den apaingarri, karakter edo zuriune bati. Zapf Dingbats famatu egin ziren Apple enpresak Mac ordenagailuetan sartu zituenean).

LetrakBere bizitza ez zen erraza izan. 1918ko azaroaren 8an jaio zen (kasualitatea, ni ere egun horretan jaio bainintzen, urte dezente geroago), gerraoste latzaren erdian, eta bere aita sindikalista izan zenez, arazo handiak izan zituen berak nahi zuena ikasi eta, ondoren, lana aurkitzeko. Bigarren Mundu Gerran Bordelen izan zen, Alemaniako Armadaren Kartografia sailean, eta bertan “Espainiako mapak marraztu nituen, bereziki bertako burdinbide sareak, Irundik hasi, Frantziako mugan, Biarritz ondoan, eta La Linearaino, Espainiaren Hego aldean”. Mapak egin bitartean, bere ordu libreetan tipografia lantzen zuen, koaderno batean, bertan bere ideiak gauzatuta, tipografiari dagokionez Hermann Zapf autodidakta izan baitzen. Geroago bai, 30 urterekin, aukera izan zuen tipografia lantzeko profesional gisa. Eta famatu egin zen. Hainbesteraino, non AEBetara gonbidatu zuten hitzaldiak eman eta hainbat proiektu aurrera eramateko, Zapf oso kezkatuta baitzegoen zelan erabili tipografia ordenagailuetan. Tipografia zabala sortu zuen, eta oso erabilia munduan.

Gehiago jakin nahi duenak Hermann Zapfi buruz, irakur dezake berak idatzitako autobiografia eta ikus dezake, halaber, aspaldi Hallmark etxe amerikarrak egin zion film laburra, “The Art of Hermann Zapf”, non ikusten baita Zapf kaligrafo birtuoso gisa.

Pozez ohartu naiz nik ere izan dudala zerikusia Zapf tipografoarekin, 90. hamarraldian Optima letra erabili bainuen Herri.KO izeneko berripaperean, non idazten nuen euskarazko herri hedabideen gainean. Eta beste txiripa bat: Optima letratipoa 1952an sortu zuen Zapfek, ni jaio nintzen urte berean.

Herri.KO

Kategoria: Tipografia Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Hermann Zapf tipografo handia bidalketan

  1. egilea: Luistxo

    Nire tipo faboritoa: Palatino. 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude