Gaurko egunez, maiatzaren 10a, orain hogei urte, Jon Salaberri hil zen, HIESaren kontrako aktibista mondragoetarra. Egun hartan Nayim izeneko futbol jokalari batek gol ikusgarria egin zuen Errekopako final batean, eta hari esker Zaragozak partida irabazi Arsenal ahaltsuari. Hurrengo egunean, Mariano Ferrer kazetari donostiarrak lotu egin zituen gauza biak, Jonen heriotza eta Nayimen gola, El Mundo egunkariaren zutabe batean: El gol de Nayim y Salaberri.
Txiripak zelan gertatzen diren. Ostiralean, jarri telebistaren aurrean, aukeratu kirola ematen duten kanal bat, eta hara, Arsenal-Zaragoza partida gogoangarria ematen ari ziren, hogei urte bete direlako partida hura jokatu zenetik. Eta hantxe ikusi nuen Nayim, hemendik aurrera nire iruditerian Jon Salaberri zenari lotua, Mariano Ferrerek egindako lotura ezinago pertinenteagatik. Nik ere Marianoren hitzekin amaituko dut gaurko hau, Jon Salaberriz ari zela:
Sekula ez diogu nahikoa eskertuko ezkutatu ez izana; ez eman izana bera ignoratzeko erosotasuna, ez jakitekoa. Gu behartu izana bere presentzia publikoaren gola ikustera, bere gaixotasunaren probokazioa adorez erakutsia, sartu ziguna bere bizitzaren luzapenean.