Atzo Bilbon izan nintzen, hitzordua nuen-eta dentistarekin. Hala ere, hagin kontuekin hasi aurretik, liburu denda batean sartu nintzen. Ez nintzen bakarra, jende dezente ikusi bainuen inguruan liburuei begira. Nik ere horixe egin nuen, batez ere euskarazko nobedadeetan erreparatuta.
Kutxara joan orduko, ordaintzera, hiru liburu neramatzan besapean:
- El corralito foral, Ivan Gimenez (Pamiela).
- Back to Leizarraga, Kepa Altonaga (Pamiela).
- Erlea 8, Euskaltzaindia.
Hala ere, une honetan beste liburu bat ari naiz irakurtzen, Iazko hezurrak, Unai Elorriagarena. Oraingoz, oso gustura.