Aurten gutxi nabil irakurtzen, beste urte batzuetan baino dezente gutxiago, eta pentsatzen hasia nintzen galtzen ari ote naizen irakurraldi luzeak egiteko gaitasuna, Internetek moteldu ote nauen. Orain dela gutxi baina, lagun batek liburu bat gomendatu dit, A Spy Among Friends / Espia bat lagun artean, bera zeharo engantxatuta zegoela-eta.
Jon Salaberri proiektua amaitu bezain laster, liburua eskuratu eta irakurtzen hasi naiz. Ingelesez irakurri dut, eta, hala ere, liburua esku artetik kendu ezinik ibili naiz, ezin gusturago.
Liburuak kontatzen du Kim Philby espioi ingelesaren hogeita hamar urteko ibilbidea MI5 eta MI6 zerbitzu sekretuetan, non iritsi baitzen mailarik ia gorenera, eta zelako kaltea egin zien Bretainia Handiko eta AEBetako zerbitzu sekretuei, urte horietan guztietan Philbyk benetan Sobiet Batasunaren alde egin baitzuen lan, agente bikoitz gisa.
Hau ez da nobela bat, bertan jasotzen baitira kasu horren inguruko azken datuak, baina thriller bat bailitzan irakurtzen da. Gaztelaniaz ere badago. Liburuaren egunerako opari polita izan daiteke.
Espioitza britanikoaren inguruko beste liburu interesgarri bat Amazon-eko estekan klikatuta agertzen diren gomendatuen artean duzu: Double Cross, autore berdinarena. Kasu honetan, espia bikoitzen jokoa britainiarren alde nola jokatu zuten azaltzen da, 2. mundu gerran; Garbo espia katalan harrigarriaren kasuarekin, besteak beste.
Philbyren inguruan beste hau ere irakurria dut, baina prosa nahasi samarra zuen. Animatuko naiz zuk diozuna eskurratzera akaso.
Eskerrik asko, Luistxo. “Double Cross” horrek itxura ona du.
Eskerrik asko aholkuagatik, Joxe.
Oroitzen zara ea liburuak argitzen ote duen nork errekrutatu zuen Philby Cambridge Five talderako?
The Jew of Linz liburuaz geroztik filosofoen artean zabaldu da Ludwig Wittgenstein izan zela, baina oraingoz ez dirudi hipotesi hori oinarri aski sendokoa denik, pena ematen duen arren erabat ukatu eta ahazteak. Uxa ditzakegu zalantzak Espia bat lagun artean horri esker?
Bada xehetasun horrekin ez naiz gogoratzen, Markos. Hala ere, esango nuke liburuak ez duela aipatzen Wittgenstein filosofoa. Bilaketa bat ere egin dut nire Kindlen, eta ez da abizen hori agertzen. Hortaz, uxa ditzakezu zalantzak, bai, liburu honen arabera, behintzat.
Kim Philbyri eman zitzaion ezizen literario/periodistikoa The Third Man izan zen, Hirugarren Gizona. Haren lankide eta lagun Graham Greene-ren sorkuntza da hori, Philby harrapatu baino lehenago idatzia, lehenbizi film-gidoi gisa eta gero eleberri. Greene ere agertzen da aipatua gorago esan ditugun Ben Macinytyreren bi liburuetan. Duela aste batzuk lagun batek azpidatzi multzo bat topatu zuen Emulen. Horien artean zegoen The Third Man-en zati bat, erdia bakarrik. Nik osatu ditut orain azpidatziok, ikusteko gogoa baduzue. 🙂
Mila esker, Luistxo! Hori da, hori, azpidatzi-meatzaritza egitea. Zorionak!