Oraindik ulertu ezinik nabil zer egiten duen Txomin Garcia Laboral Kutxako lehendakariak Arizmendiarrieta santu egiteko batzordeko buru. Itxura guztien arabera —paperek hori diote— gizarte laiko batean bizi gara, eta gizarte laikoetan badakigu erlijioa gizabanakoaren kontua dela, alegia, zerbait pribatua. Baina, antza denez, gurean gizarte laikoa ameskeria hutsa da.
Kasu honetan, kooperatibetako bankuaren buruak erabaki du berak ordezkatzen duen erakundeak konfesionala balitz legez jokatzea, eta horretarako munduko erlijio baten alde egin du, katolizismoa, aintzat hartu barik Laboral Kutxako bezeroak askotarikoak direla, eta berauen artean ez direla gutxi beste erlijioren batekoak, agnostikoak, ateoak edo kontu horiek piperrik ere inporta ez zaizkienak.
Gizarte laiko batean Javier Retegik eta Juan Manuel Sindek, gizabanako eta herritar soil diren neurrian, libre dira proposatzeko beren konfesioko norbait aldare batera igo dezaten, horren kapritxoa baldin badute. Baina Laboral Kutxako lehendakaria —eta, bidenabar esanda, Euskadikoa— fregau horietatik kanpo egon beharko lirateke, kargu horiek dituzten bitartean.
Erabat ados, Joxe. Laboraleko bezero izatea edo Vaticanoko bankukoa izatea antzekoa ote den pentsatzen ari naiz.