Amarauna irratsaioan

Amarauna

Joan den ostiralean Bilbon izan nintzen, EITBren egoitzan, bertan grabatu behar genuen-eta elkarrizketa bat Amarauna irratsaiorako, igandean ematekoa. Arantxa Arza saioaren gidaria eta beste hiru gonbidatu Donostian zeuden: Ane Areizaga, Maddi Castro eta Ainhoa Lodoso. Bilbon, berriz, bi lagun: Susana Belaustegi eta biok. Gaia: minbiziaren aldeko Telemaratoia, abenduaren 18an EITBk egingo duena.

Elkarrizketa hartan jakin nuen Eusko Jaurlaritzak baduela erakunde bat, Bioef izenekoa (Berrikuntza + ikerketa + osasun + euskal + fundazioa), eta fundazio horrek koordinatzen dituela 1.300 ikerketa proiektu, osasunarekin zerikusia dutenak, eta horietatik 206 minbiziarekin lotuta daudela. Jakin nuen, halaber, Bioef fundazioak eta Osakidetzak Biobankua kudeatzen dutela, sare handi bat, pazienteen laginak jasotzen dituena, beste ikerketa lan batzuetan erabiltzeko. Azkenik, ikasi nuen azken hamar urteotan (ni sendatu nintzenetik, alegia) minbiziaren tratamendua izugarri hobetu dela.

Aurten EITBk terapia berezia proposatu die Telemaratoian parte hartzen duten guztiei (laguntzen, entzuten, dirua ematen edo lekukotasunak eskaintzen), erradioterapia deritzo, eta musika bidezkoa da. Niri ere eskatu zidaten abesti bat aukeratzeko, eta nik Ibaia hautatu, Ruper Ordorikak ondutakoa, Joseba Sarrionandiaren hitzekin, Ibaizabal ibaiari eskainitako oda pausatua.

Kategoria: Minbizia Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude