Literatura-irakasle hura

Forradellas

Joan den asteburuan jakin nuen Joaquin Forradellas hil dela, 70. hamarkada hasieran gure Literatura irakaslea izan zena Peñaflorida institutuan, Donostian. Eta pena hartu nuen, estimu handian nuelako.

Garai hartan gu Donostiako seminarioan bizi ginen, baina apaizgaitegiko arduradunek Peñaflorida institutura bidali gintuzten goi batxillergoa egitera. Han beste giro bat aurkitu genuen, irekiagoa eta laikoagoa, eta baita irakasle onak ere. Tartean, Joaquin Forradellas, gure literatura irakaslea. Gizon argala zen, ahots mehekoa, baina zelan harrapatu gintuen literaturarako!

Erakutsi zigun literatura beste modu batean ikusten, gonbidatu gintuen Espainiako klasikoak irakurtzera (nik orduan irakurri nituen, eta gozatu, El Quijote de la Mancha eta El Lazarillo de Tormes, besteak beste), eta bere eskola orduak irekiak ziren guk proposatutako gaiak eztabaidatzeko, nahiz eta, zenbaitetan, zerikusirik izan ez literaturarekin.

Egun batean, gogoan dut, etorri zen ikasgelara eta, braust, jaurti zuen: “gaur zer nahiago duzue, ohiko eskola eman ala aste honetan Aranzabalek Triunfo aldizkarian idatzi duen gutuna eztabaidatu?”. Ni lotsa-lotsa eginda geratu nintzen, ordura arte inori ez bainion aipatu gutun bat bidali nuela Triunfora, Sobre el celibato izenburuarekin. Egun hartan, noski, literatura alde batera utzi, eta gutunaren inguruan hitz egin genuen. Horrelakoxea zen Forradellas.

Geroago, unibertsitatean ari ginela, bere etxean hartu gintuen ikaskide bat eta biok, hainbat zalantza genuen-eta unibertsitatean egin beharreko lan baten inguruan. Adeitsuki hartu gintuen, kafera gonbidatu, eta, argitu beharrekoa argituta, animatu gintuen bizitzan eta ikasketetan aurrera egitera.

Harrezkero, ez dut ikusi Joaquin Forradellas, baina behin baino gehiagotan izan dut gogoan, bere aldarte on eta inspirazioagatik. Sekula izan dudan irakasle onenetakoa izan da, eta beti eramango dut nirekin, berari zor diot-eta, neurri handi batean, literaturarekiko gustua.

(Goiko argazkia 1968koa da, eta Peñaflorida institutuan aterata dago. Bertan, Forradellas zirkulu batekin dago markatuta. Usandizaga.com-ek haren omenez egindako pdf batetik atera dut).

Kategoria: heriotza Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude