Albaola Itsas Kultur Faktorian

P1040268

Atzokoa egun gogoangarria izan zen guretzat, izarrak alde lerratzen diren horietakoa. Arratsaldean, lagun talde bat Pasaian elkartu ginen, asmoa genuen-eta Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatzeko. Bertan Xabi Agotek hartu gintuen, proiektu buruak, eta, ia hiru orduz, azaldu zigun zer den Albaola proiektua.

Denok aho zabalik geratu ginen proiektuaren ederraz, eta inor ez zen kexatu bisita ohi baino luzeagoa izan zelako, hain izan zen interesgarria. Bego emaztearentzat eta biontzat bereziki hunkigarria izan zen, gogora ekarri zigun-eta orain 30 urte Red Bay herrira egin genuen bisita, Kanadako ekialdean. Handik ekarria bageneukan elastiko bat, eta Albaolan utzi genuen, badu-eta zerikusia bertako gaiarekin.

Xabier Agotek erakusketan gidatu gintuen, proiektuaren testuingurua azaldu, faktoria bera erakutsi (barnetegi eta guzti), eta esplikatu zigun zein den Albaola proiektuaren helburua. Proiektu “glokala” da jaiotzatik, alegia, globala eta lokala, erabat bertakoa, baina munduari begira, euskaldunen garai bateko itsas jarduera bezala.

Albaolak balio du ulertzeko XVI. mende inguru horretan euskaldunek zelan erabili zuten goi mailako teknologia —garai hartako aurreratuena— beren itsas jardueran, eta jarduera hori zelan bihurtu zen ekonomiaren motor Euskal Herrian, ez bakarrik kostaldean, baita lehorrean ere. Eta Albaolak garbi uzten du euskaldunok zenbateraino ahaztu dugun hori guztia. Horregatik proiektu horren eragileek nahi dute Euskal Herriko ikastetxeetan eragin, haur euskaldunek berreskura dezaten jakintza hori.

Albaola Itsas Kultur Faktoria arnas luzeko proiektua da, erabat interesgarria, eta nire ustez, beharrezkoa. Ahal baduzue, zuek ere joan Pasaiara eta bisitatu marabilla hori, ez zarete-eta damutuko. Flickr-en dituzue hainbat argazki, atzoko bisitan egindakoak.

Mila esker Xabi Agoteri eskaini zigun denbora, informazio eta kemenagatik. Eskerrik asko Albaola Itsas Kultur Faktoria sostengatzen duten guztiei, eta, nola ez, Imanol Irizar eta Eskarne Zubero lagunei, neurri handi batean eurei esker lerratu baitziren atzo izarrak gure alde. Baita bisita ondorengo sardina-afarian ere.

Kategoria: Lagunak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude