Ilustrazioa: Goio Arana
Gaurko egunez, orain 25 urte, Arrasate Press astekariaren lehen alea kaleratu zen. Orduan abiatu zen euskarazko prentsa lokala. Gaur egun Arrasate Press-ik ez dago, 2000 ezkero Arrasate Press eta Debagoieneko beste agerkari lokalak proiektu handiago batean bateratu baitziren, Goiena. Hala ere, orain hogeita bost urte ereindako haziari esker, euskarazko hedabide lokalek eremu propioa irabazi dute, eta adoretsu ari dira etorkizunari aurre egiten. Interesa ere piztu dute euskarazko tokiko hedabideek. Horren froga, urte hauetan horren inguruan sortu den bibliografia oparoa, gaur Sustatuk dakarren moduan.
Urte hartan, 1988, gerora arrastoa utzi duten beste gertakari batzuk izan ziren hemen eta munduan: Bernardo Atxagak Obabakoak plazaratu zuen, Iruñean Euskalerria Irratia jaio zen, eta Andoaingo Udalak Rikardo Arregi euskal kazetaritza saria sortu zuen. Munduan perestroikaren haizeak harrotu ziren Sobiet Batasunean, Iran eta Iraken arteko gerra amaitu zen, milioi bat hildakorekin, sute batek Chiado auzoa kiskali zuen, Lisboan, eta Roy Orbison abeslari estatubatuarra hil zen.
1988an ni Bergarako Udal Euskaltegian nenbilen, irakasle. Eta han nintzela, Jesus Garmendiaren deia jaso nuen (berau zen orduan AEDko lehendakaria), ea joango nintzen Mondragoera bilera batera. Lau kide deitu gintuzten, eta laurok egin genuen bilera, AEDren egoitzan: Jose Mari Eraña (behin behineko idazkaria Arrasateko Udalean), Joxe Felix Diaz de Tuesta (Euskara teknikaria Arrasateko Udalean), Iñaki Mendiguren (itzultzailea) eta ni. Batez beste 35 urte inguru genituen.
Bilera hartan Jose Mari Erañak eta Joxe Felix Diaz de Tuestak azaldu zuten asmo bat zerabiltela buruan, Arrasaten aldizkari lokal bat egiteko, herrian informazio asko sortzen baitzen, inon agertzen ez zena gero. Kontua da bilera amaieran denok ere esan genuela baietz, egingo genuela ahalegin bat aldizkari bat sortzeko.
Beste nonbaiten kontatu dugu zelako lanak egin genituen aldizkaria plazaratu aurretik. Kontua da esprint gogorra jota, 1988ko abenduaren 2an, ostirala, lehen Arrasate Press kaleratu genuela, doako aldizkari xume bat, herriko euskaldunek harriduraz eta pozez hartu zutena (eszeptizismoarekin ere bai, esango nuke nik, zenbat iraungo ote zuen inbentoak), ez baitzuten horrelakorik espero inondik inora ere.
Urte gogorrak izan ziren proiektu sustatzaileontzat eta bertan lanean hasi ziren kazetari, makegatile eta komertzialarentzat, denontzat ere esperimentu berria baitzen eta martxan ari baikinen ikasten, baina dedikazioaren puruz, proiektua aurrera atera zen.
Arrasate Press-en arrakasta ikusita —berehala iritsi baitzen astean 7.000 ale zabaltzera, bertan eta inguruko herrietan—, lan handia egin genuen berri ona zabaltzen Euskal Herriko euskaltzaleen artean, eta hurrengo urteetan benetako loraldia ikusi genuen, Euskal Herriko bazter askotan herri aldizkari asko sortu baitziren, gehienak ere Arrasate Press-en ereduari jarraituta.
Arrasate Press-en atzetik Arrasate Telebista etorri zen, hura ere komunikazio proiektu beraren barruan, eta euskarazko lehen talde multimedia sortu zen: Arko (Arrasate Komunikabideak). Arrasate Press-ek kazetaritza sariak irabazi zituen (Jon Anduezak, adibidez, Rikardo Arregi saria irabazita), eta nazioartearen aitortza, Goio Aranak egindako diseinuen kalitateagatik.
Aurreko milurtea amaitzear zegoela, berriz, Mikel Irizarrek eta Estepan Plazaolak lideratuta, Debagoieneko herri hedabideek (tartean Arrasate Press) mugimendu ausarta egin zuten, euskarazko hedabide lokalen iraupena ziurtatzeko, batu egin baitziren eskualde mailako proiektu batean: Goiena. Era horretan, gaur egun ez dago Arrasate Press-ik, bertako hedabideek, euskara elkarteek eta udalek ulertu baitzuten goragoko maila batera iristeko, itzali beharra zegoela ordura arteko proiektuak (Arrasate Press, Berrigara, Aretxagazeta, Arrasate Telebista…). Emaitza izan da gaur egun euskarazko hedabideak tinko daudela errotuta Debagoienean.
Arrasate Press-ik ez dago. Hala ere, aldian behin egin ohi dugun moduan, aurten ere elkartuko gara 1988ko bilera hartako kideak, bazkari bat egin, eta elkarren berri izateko. Gaur egun 60 urte ditugu batez beste taldean, zuhurragoak gara, baina gustuz egingo dugu topa orduan hasitako abenturagatik.
Bidea hasi zenutelako heldu ginen beste asko geroago herri prentsara. Handia izan zen niretako Arrasate Press-eko esperientzia.
Eskerrik asko, Joxe.
Zorionak eta, batez ere, eskerrik asko eredugarri izateagatik.
Zorionak! Lan bikaina egin zenuten.
Eskerrik asko bioi.
Zuek ekindako bideari eta utzitako arrastoa jarraitu genuen eta beste astekari asko sortu ziren ondoren. Mila esker zuen ausardiagatik eta eskainitako laguntzagatik
Ikaragarria da Arrasate Press-en parte izatean ikasi genuen guztia. Eta ordainezina da, horren aurretik, irakurle moduan, ere jaso genuena.
Eskerrak zuei, Alberto, bizkor eta zuhur jokatu baitzenuten Elgoibarren. Eta pozten naiz, Iker, zuretzat Arrasate Press esperientzia aberasgarria izan bazen. Besarkada bat bioi.