Jakinmina nuen Santiago Carrilloren inguruan gehiago jakiteko, eta horregatik erosi nuen Paul Preston historialari ingelesaren azken liburua, El zorro rojo. La Vida de Santiago Carrillo. Erosi eta irakurri.
Liburua orekatua iruditu zait, oso ondo dokumentatua. Berau irakurrita, Carrillo agertzen da aparatuko gizon moduan, helburu bakarrarekin: partiduan agintea lortzea. Eta behin lortuta, eginahalak eta bi egingo zituen bertan irauteko, horretarako metodo estalinistarik gogorrenak erabilita. Bidean, hildakoak utzi, aita arbuiatu eta lagunik minenak traizionatu zituen. Hala ere, Paul Prestonek aitortzen dio trantsizioan Carrillok izan zuen rol inportantea. Baita 1981eko otsailaren 23an Espainiako Parlamentuan izan zuen jarrera ausarta golpisten aurrean.
Politikari gehienek bezala, bere azken aldian lider komunista behin eta berriro saiatu zen bere historia edertu eta leuntzen, baita egindakoak justifikatu eta aldatzen ere. Liburua gustura irakurri dut, baina Carrillo ez zait bat ere eredugarria egin.