Herenegun harri eta zur geratu nintzen irakurri nuenean Arrasaten, nire jaioterrian, 146 kaletatik, batek bakarrik daramala emakume baten izena, eta hori oraintxe bertan onartu delako. Lotsatu egiten naiz orain arte konturatu ere egin ez garelako, eta eskerrak ematen dizkiot Intxorta 1937 Kultur Elkarteari gaia ateratzeagatik.
Nahiz eta orain ez naizen bizi Mondragoen, pentsatu dut nire ekarpen xumea egin dezakedala, Arrasateko Udalari zerrenda bat eskainita, hamar emakume nabarmenen izenekin, hangoak eta hemengoak, kale bana izan dezaten herrian. Horra izen-deiturak, hurrenkera alfabetikoan:
- Simone de Beauvoir. Idazle, pentsalari eta feminista famatua, emakumeen belaunaldiak markatu ditu.
- Maria Callas. XX. mendeko opera abeslaririk onenetakoa. Oraindik ere bere ahotsak hunkitu egiten du mundua.
- Marie Curie. Lehen emakumea Nobel saria irabazten, berau birritan irabazi zuen, arlo desberdinetan. Bere ikerkuntzak izugarri aurreratu zuen erradioaktibitatearen ezagutza.
- Amelia Earhart. Lehen emakume pilotua Atlantikoa zeharkatu zuena hegazkin batean. Emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua.
- Aretha Franklin. Soul abeslari estatubatuarra, bere musika esparru askotara zabaldu da: gospel, jazz, blues, R&B, pop, rock eta funk.
- Adela Ibabe. Andereño aramaioarra, gogor saiatu zen emakumeen estatusa aldatzen, bai etxean eta baita lanean ere. Oso gazte hil zen, aborto klandestino bat izan ondoren.
- Kleopatra. Egiptoko erregin aspaldikoa. Inspirazio iturri etengabea izan da mendeetan barrena: literaturan, zinean, musikan, modan…
- Mari. Euskal mitologiako jainkosa nagusia, etxea du hainbat menditan: Anboto, Aizkorri, Txindoki, Aralar…
- Mona Lisa. Munduko artelan ezagunena eta bisitatuena. Hau ere, inspirazio-iturri amaigabea literaturan, musikan, antzerkian eta hedabide modernoetan.
- Elbira Zipitria. Maistra, ikastolen sortzaileetarikoa, euskararen sustatzailea eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalaria izan zen.
Nire aukera Adela Ibabe eta arrazoi askorengatik. Nagusiena agian Arrasaterekin izan zuen harreman zuzenagatik.
Zerrenda ederra, ondo landua Joxe. Ekarpen mamitsua.