John McWhorter Columbia Unibertsitateko Hizkuntzalaritza irakasleak ohartarazi digu TED2013 hitzaldi interesgarri batean oker gabiltzala pentsatzen badugu testu bidezko mezuak idazketa direla: “Testu bidezko mezua ez da hizkuntza idatzia”, esan zuen, “askoz ere hurbilago dago oso aspalditik izan dugun hizkuntzatik: hizkuntza mintzatua”. Gure artean, ados ote daude Kike Amonarriz eta Asier Sarasua baieztapen horrekin?
Wired aldizkariak jaso du hitzaldiaren berri. Bertan hizlariak dioenez, gizakiok hizkera erabili dugu elkarren artean komunikatzeko, 150.000 urtez bai. Idazketa, berriz, antzelan erabilgarria izanda ere, asmakizun nahiko berria da. “Gizateria bizi izan balitz 24 orduz”, esan zuen McWhorter-ek, “idazketa agertuko zatekeen gaueko 23:07etan”.
Une jakin batean, idazketaren zehaztasuna eta formalismoa hizketan txertatu zen. Harrezkero, denok ezagutu dugu norbait kode formalean hitz egiten duena, barroko samar. Hortaz, hitz egin ahal badugu idazten dugun moduan, zergatik ez idatzi hitz egiten dugun gisan? Orain arte erabili ditugun tresnak (arkatzak, idatz makinak, ordenagailuak…) ez dira egokiak izan, argudiatu du McWhorter-ek, motelegiak zirelako. Telefono mobila, berriz, eskuragarria eta bizkorra da. Hortaz, testu bidezko mezua ez bada idazketa, zer da orduan? “Hizketa, atzamarrez lagundua”.
“Errazena da esatea testu bidezko mezularitza hizkuntzaren gainbehera dela”, dio McWhorter irakasleak. Baina ez gaitezen engaina, mendeetan barrena gauza bera esan du-eta jendeak, erromatarren garaian hasita. “Hala ere, nolabaiteko konplexutasuna sortzen ari da hor, arau eta hizkera propioa garatzen ari baita atzamar bidez egindako hizketan”.
Erabilera informal eta kolokialetan kode idatzia ahozko kodera gerturatu da. Ahozko kode informaletik, idatzizko kode formaletik baino gertuago kokatzen diren idatzizko harreman motak dira hauek. Sare sozialetan ari garenean, askotan, “hizketan” ari garela esaten dugu. Idazkera berri honen oinarrian idazkera estandarra egon arren, ahozko hizkeraren ezaugarriak nagusitzen dira, maiz. Horregatik diot, nire ustez, ahozko kodera hurbiltzen den idazkera informala dela.
Hor goian aipatzen diren kontu gehienekin ados egon naiteke, baina ziurrenik ez tesi orokorrarekin. Hau da, ez dut uste esames bat edo txio bat ahozko ekoizpena direnik.
Ez dakit nik John McWhorterrek ahozko jardun asko transkribatu duen. Lagunarteko jardun librean ohikoak dira: komunztadura ezak, zentzurik gabeko errepikapenak, laguntzazko “latigilloak”(aaa… baaa, bueno…eee… modukoak), hasi eta bukatzen ez diren esaldiak… Ez dut uste esames eta txioetan horiek orokorregiak direnik. Idazteko pentsatutako testuak dira, modu berezian idatzitakoak, ados, baina idatzizkoak.
Ahozkoan ere erregistro asko ditugunez, idatzizkoan ere erregistro asko dago. Eta esango nuke oraintxe hasi dela gailurrera iristen lagun arteko idatzizko erregistro informala, orain arte oso leku txikia izan duena historian zehar. Baina tira, hori esanda, badirudi McWhorterri arrazoia ematen diodala 😉
Edozelan ere, eztabaidagai interesgarria. Afaloste baterako primerakoa!
Kontrakoa defendatzeko prest nago, berriketaldia animatze aldera XD
Eskerrik asko bioi hain ekarpen mamitsuak egiteagatik. Xehetasunak xehetasun, zuen iritziak oso hurbil ikusten ditut McWorterren adierazpenekin. Niri dagokidanez, haren iritziek beste perspektiba bat eman didate, aurrez ez nuena. Ostiralean, Espaloian ikusiko dugu elkar, Ahotsak proiektuaren 10. urteurrenean.
ahozkoa ahozkoa da, eta idatzizkoa idatzizkoa: tautologia dirudien horrek badu bere mamia; alegia, ahoz ondo edo gaizki hitz egingo dugu, ezaugarri batzuekin (ahozkoak izan ohi dituenekin, gehienetan: asierrek deskribatu dituen horiexek) edo beste batzuekin (idatzizkoa imitatuz edo: esatari txukun batek irratian egingo lukeen gisan), baina hotsen bidez, ahoko organo batzuek sortuz eta belarrian dauden beste batzuek jasoz.
idatzizkoak, berriz, beti-beti-beti, abstrakzio-lan bat eskatzen du, ahozkoaren imitazio handiagoa edo txikiagoa duena, baina funtsean BESTE zerbait dena, ez burmuinetik ahora doan agindua, baizik buruan sortutako esaldi hori letretan nola gauzatuko litzatekeen, eraldatze-lan bat eskatzen duena (eta eraldatze-lan horren ondorioa izan liteke ahozkora ahalik eta gehien hurbiltzea).
eta horrek ez du ukatzen goian besteek esandako guztia.
Ze nyzue esatea ba? Idaztn ai naizn hauxe bea ahozko jardunea hurbiltzn badare, eztala xuxen-xuxen ahozkoa Asierrk dion modun…
Gurean gainera, ahozkoan ere, gero eta gehiago nahasten ditugu batua eta euskalkia eta euskara eta erdarak… Eta hitz egin ere, estandarretik gero eta gertuago hitz egiten dugu. Norabide biko prozesu dinamikoa da beraz. Kontua izango da idatzi beharrik izango ez dugunean nola transkribatuko den ahozkoa! Nire hipotesia? Gaur egun baino askoz ere idazkera estandarragoa izango dela aparailu ahots transkribatzaileen eraginez… Soziolinguistika fikzioa da hori ordea!
Azkenean, bestelako gorabehera batzuk direla medio ezingo dut Espaloian zuekin egon (Pena handia dut!), baina izango dugu aukerarik honetaz eta hartaz hitz egiteko.
Asko gozatu dut blog sarrera eta iruzkin katea irakurtzen. Ados nago diozuenarekin, ahozko hizkera imitatzeko joera handitu dela sare sozialek eskaintzen duten espazioari esker, beti ere ahozko hizkera kopiatu daitekeen neurrian.
Ideia hau soziolinguistika fikzioaren haritik jarraitua, ahots transkribatzaileek idazkera estandarragoa ekarri dezakete epe laburrera, baina epe ertain-luzean paradigma banatu baten aukera ez nuke gutxietxiko. Hau da, igorleak atsegin duen moduan hitz egin lezake eta testua hartzailearen baldintza diatopiko, diastratiko eta diafasikotara era automatikoan egokitu. Hortaz, sare sozialetara (edo parekotara) zuzendutako idazkiak era informalean egoten jarraituko lukete.
Bide batez, euskalkien arteko itzulpengintza banatu automatizatua hastapenetan baino ez dago, euskara batuarekiko fede itsuagatik agian. Adibide gisa, web orrialde hau emaitza oso duinekin.
Nik idatzizkoen artean jarriko nituzke horrelako jarduera komunikatiboak, zalantza barik! Prosodiarik gabeko komunikazioa ez da ahozkoa! sekula ez dute asmatuko behar beste emotikono. Gainera, esango nuke idazteko modu horrek ez duela luzerako. Badira honezkero debaldeko ahozko mezuak bidaltzeko aplikazioak eta laster hedatuko omen dira. Atzamarren gehiegizko garapena ere ez da luzerako izango.
Egin dezagun soziolinguistika fikzioa, bai!
Pingback: Itzulpengintza automatiko banatua | Turutene
Formalki idatzizkoa da, eta baditu mugak, ahozkoa ordezkatu ahal izateko: nahiz eta emotikonoak eskura dauzkagun, SMS, txat eta abarretako mezuetan ez da transmititzen (edo ez beti, edo ez ongi) zein tonutan eta zein umoretan ari garen; gerta liteke “tonu” lasaian idatzitako mezu bat oso gaizki hartzea jasotzen duenak, “tonu” bortitzean irakurriz gero.
Begi bistakoa da, gainera, ahozko diskurtsoa baino egituratuagoa dela, ez dela hain espontaneoa (ez dago esaldi bukatu gaberik, zalantza adierazten duten soinurik eta abar).
Muga horiek aipaturik, nik uste, hala ere, ahozkotasunetik hurbilago dela, bat-batekotasunetik. Erdi-espontaneoa nahi bada, baina ahozkoak daukan alde informala dauka, baita malgutasuna ere. Alde horretatik, tuitak edo SMSak idazterakoan Euskaltzaindiaren arauak oso zorrotz betetzea aldarrikatzen dutenak ez ditut ulertzen, astunak iruditzen zaizkit.
Aupa, lagunok!
Guztiek duzue arrazoia., edo arrazoiaren zatia, behintzat. Hizkuntzaz dihardugunoi ikaragarri gustatzen zaigu dena sailkatzea, etiketatzea eta kutxetan sartzea, baina hizkuntza -komunikazioa eta pentsamendua, beraz- kontu zabalegia da sailkapen estuetan sartzeko. Konpartimentuduna baino, zirkularra eta biribila da, continuum-a. Mugak zehaztea eta markatzea ezinezkoa zait, eta sarri tuitek eta abarrek idazlan oso elaboratuak izan litezke, hitz-joko, palindromo, #hitzokei eta abarretan.
Era berean, aipatutako adibideak ahozkotik asko eduki lezakete, ia ahozkoen transkripzio hutsak direlako. Horregatik, nire iritziz, hirugarren bide bat dira, ez idatzia, ez ahozkoa. Estilo berria, kategorizazioak maite dituztenek aztertu beharko dutena kutxatxo lauki batean sartu ahal izateko
Berandutxo nator baina eztabaida segitu nuen eta gaur diskurtsoaren analisirako bibliografia birpasatzen nenbilelarik, eztabaida hau etorri zait burura.
Bat nator Leirerekin. Idatzizkoaren eta ahozkoaren artean continuum-a ikusten dut, internet bidezko komunikazioaren hedapenak koloretsu egin duena. Ahozko elementuak idatzizkora pasa dira eta alderantziz, nahiz eta, Joxek dioen bezala, ez da gauza bera begiz edo belarriz entzutea (begiz azkarrago entzuten da, zalantzarik gabe).
Horrek inplikazio garbiak ditu adibidez hizkuntzak ikasteko metodologietan. Adibidez, idatzizko lanak egitean beti azpimarratzen da planifikatu, ekoitzi eta birpasatu egin behar dela. Horrez gain, anaforak, deiktikoak, lokailuak… lantzen ditugunean, idatzizko testuaren irakurleak denbora-espazio testuinguru ezezagunetan egongo direlakoan. Sareetan berriz, askotan espazio-denbora partekatua da, esate baterako telebistako programei lotutako txioetan komunikazio-era desberdina antzematen da, programa ikusten ari ez denak ulertuko ez dituena.
Idatziaren bat-batekotasuna ere nabaria da, hizkuntza eskoletan lantzen dugun plangintzaren fasea segundo batzuetara mugatzen delarik kasu askotan.
Asierrekin bat nator, hala ere, adibidez txioetan ez garela oso transgresore, beharbada euskarazko txio gehienak formalak direlako. Whatsapp-etan muturra sartuta bestelakorik aurkituko genuke…
Ikergai interesgarria, nolanahi ere, eta hizkuntza irakasleontzat hausnargai zalantzarik gabe.