“Oro har, uste dut idazle profesionalok nahiko noragabetuta gabiltzala eta nahiko lan daukagula geure burua aurrera ateratzen egunero, noragabezia horren erdi-erdian”. Patxi Zubizarreta idazlearen hitzak dira, Juan Luis Zabalak atzo Berrian egindako elkarrizketa mamitsuaren bukaeran.
Aspaldi honetan sumatu dut euskal idazle asko krisian daudela, noragabe, batez ere ez dakitelako zelan jokatu teknologia berriek eragindako aldaketen aurrean. Patxi Zubizarretak ezin garbiago berretsi dit susmoa:
- Historiaurre informatikoan gaude, eta ez dakigu geroak zer ekarriko duen. Beti egiten aritu izan garen horren dekadentzia moduko bat sentitzen dut, baina jakin gabe gero zer etorriko den. Primitiboa aro berriaren aurrean bezala sentitzen naiz, eta hori oso motibagarria izan daiteke, baina oso dezepzionagarria ere bai, eta oso nekagarria.
Ez da erraza, egia da, asmatzea zelan jokatu, ikusita orain arte ezagututako moldeak jausten ari direla. Hala ere, Adierazgarria ere bada trantsizio honetan Patxi Zubizarretak euskal argitaletxeekiko erakusten duen atxikimendua:
- Ni oso kritikoa izan naiz euskal argitaletxeekin, ez ditudalako ikusi oso irekiak, baina gaur egun errespetu handiagoz begiratzen diet, konturatzen naizelako egoera oso konplexua dela. Ez dut esaten hori barkagarri moduan, baina bai besteren larruan sartzeko ariketa baten ondorio gisa edo. Konplizitate handiagoak bilatu behar ditugu idazleen, editoreen, itzultzaileen eta ilustratzaileen elkarteen artean. Sinergiak behar ditugu, aurrera egingo badugu.
Beste norabaitera begiratu beharko luke Patxik, Lucia Echevarriari, adibidez, berak elkarrizketan aipatzen duen idazle espainiarrari, zeina hasi omen baita bere liburuak promozionatzen, horretarako bere webgunea eta zozketak antolatuta. Baita Susa, Amazon eta O’Reilly argitaletxeei besteak beste, horiek ari baitira bide berriak erakusten.