Dentistak aspaldi esan zidan bruxista nintzela, alegia, gura barik —eta tentsioak eraginda— haginak estutzen nituela, goikoak behekoen kontra, eta haginak zaintzeko, babes bat erabili beharko nukeela gauez. Nik, entzun bai, baina kasurik ez. Iragan uda arte.
Oporretatik bueltan, konturatu nintzen zenbait hortz eta hagin apurtuta nituela, zati txikiak. Dentistanera joan, eta esan zidan horiek zirela bruxismoaren ondorioak. Serio hartu beharko nuela kontu hori, bestela nire haginek txiki-txiki amaitu behar zutela.
Esan eta egin. Orain, ohera joan aurretik, babes bat jartzen dut goiko haginetan, eta horrekin egiten dut lo. Jaikitakoan, babesa ondo garbitu eta gorde egiten dut, hurrengo gaua arte. Ea horrela haginek onik eta osorik irauten duten.