Joan den ostegunean erabaki nuen aurrerantzean Google Chrome erabiliko nuela Interneten nabigatzeko. Firefox bigarren mailara igaroko da, azken urteotan ez bezala, berau izan dut-eta nabigatzaile nagusia, bai etxeko mac-ean eta baita laneko PCan.
Zerk eraman nau erabaki hori hartzera? Azken aldi honetan Firefox moteldu egin zait, batez ere berau pizteko orduan. Bestetik, azken hiru asteotan arazoak izan ditut etxeko ordenagailuan Google Docs-en lan egiteko orduan; ezin nuen, errorea ematen zidan-eta.
Chrome-ren abantailak
Gaur egun hainbat abantaila ikusten dizkiot Chrome nabigatzaileari:
- Bizkorragoa da Firefox baino.
- Chrome ondo antolatuz gero, edozein ordenagailutan erakusten ditu nik emandako ezaugarriak.
- Chrome pizterakoan hainbat fitxa ireki dezaket batera, nik horrela programatuz gero. Ez naiz ibili behar, orain arte egiten nuen moduan, fitxok egunero banan-banan zabaltzen.
- Chromek Safarik bezain txukun eskaintzen dit irakurlea iReader gehigarriari esker.
Noizko Euskalbar Chromen?
Azken aldi honetan leiala izan banaiz Firefoxekiko izan da, duda barik, Firefoxek Euskalbar daukalako, eta berau oso baliagarria delako niretzat, lan gehienak euskaraz egiten baititut. Euskalbar Chromera etorri bitartean, Firefoxera jo beharko dut hiztegi horiek erabili nahi ditudan aldiro.
Konturatu naiz, halaber, Chromerekin ezin dudala ondo lan egin Faroan, nire blogean, ezaugarri zenbait falta dituelako, adibidez, testua editatzeko aukera, loturak egitekoa eta argazkiak txertatzekoa. Hori konpondu bitartean, Firefoxera jo beharko dut.
Penaz letu dut artikulua, iruditzen zaidalako ez dugula asmatzen mezua helarazten: Firefoxen onurak softwaretik harago ere badaude.
Kontu batzuk:
– Firefox moteltzearen arrazoi nagusia gehigarriak izan ohi dira. Memoria-erabileraren alorrean azken urtean hobekuntza handiak egin dira eta ezin da esan iraganean bezainbeste memoria jaten duenik nabigatzaileak. Begiratu instalatuta dauzkazun gehigarriak eta desinstalatu erabiltzen ez dituzunak.
– Bigarren puntua ondo ulertu badut, sinkronizazioari buruz ari zara. Firefoxek aspalditik dakar Firefox Sync izeneko eginbidea eta hainbat gailuren artean fitxak, laster-markak, historia etab. sinkronizatuta mantentzea ahalbidetzen du.
– Firefoxek era baduka abioan aurrez ezarritako fitxak zabaltzeko aukera. Nabigatzailearen hobespenetan, ‘Orokorra’ paneleko ‘Abioa’ atalean ‘Erabili uneko orriak’ sakatu behar da unean zabalduta dauzkazun fitxak hasiera-orri gisa ezartzeko.
– iReader gehigarria Firefoxerako ere badago.
Irabazi-asmorik gabeko erakunde bat izanik, Mozillaren lehentasunak erabiltzaileak eta web irekia dira. Pribatutasuna ere ez da zalantzan ipintzen. Manifestua ere badu.
Googleren esku dagoen heinean, Googlek nahi duena bakarrik izango da Chrome. Adibidez, Chrome euskaraz egongo da Googlek nahi duenean.
Chrome, gainera, iraganean Internet Explorer nabigatzailearekin ematen ziren praktika zakarrak ari da ekartzen: Chromen bakarrik dabiltzan webguneak. Hori urrats handi bat da atzera weba toki irekia izatea nahi duen ororentzat. Praktika horiek aplikatzen lehena Google bera da.
Euskalbarri dagokionez, eta garatzaile naizen aldetik, pertsonalki ez dut aurreikusten Chromerako bertsiorik. Nahiago dut nire denbora librea sinisten ditudan baloreak zabaltzera bideratzea eta Euskalbar Chromerako garatuz gero, jendeari Chromera salto egiteko aitzakia emango nioke. Hau nire iritzia bakarrik da, garatzaile gehiago ere badaude.
Noski, kodea librea da (GPLv3) eta edonork gara dezake Chromerako antzerako gehigarri bat.
Julenekin erabat ados, eta batez ere hauetan:
– “Chrome euskaraz egongo da Googlek nahi duenean” eta momentuz ez du nahi. Firefox euskaraz dago eta horrek niretzat asko balio du.
– Nik ere ez dut Chromerentzako Euskalbar batean lagunduko nire denbora librean.
Mila esker bioi! Euskalbar-eko garatzaile zareten neurrian, oso garbi adierazi duzue zuen jarrera zein den, eta erabat errespetatzen dut.
Zure erantzunari dagokionez, Julen, txapela kentzeko modukoa iruditu zait, bai tonuagatik —eraikitzailea— eta baita bertan jarri dituzun azalpenengatik. Jakizu dagoeneko bete ditudala zuk emandako zenbait gomendio (kendu zenbait gehigarri, aldatu abioa, bertan hainbat fitxa sartuta, eta instalatu iReader, nahiz eta azken hau Firefoxen ez dabilen hain ondo, batez ere berau nahi dudan era zehatzean jartzeko orduan), eta erabaki dudala oraingoz Firefoxekin segitzea. Sync erabiltzen nuen lehen ere, baina mugatuagoa ikusten dut, Chome munduko edozein tokitan ireki baitezaket nik jarritako ezaugarriekin, Berlingo ziberkafe batean baldin bada ere, eta ordebetez bakarrik, inongo koderik sartu barik.
Amaitu aurretik, eskerrik asko bioi ere zuen ekarpenengatik.