Aurrekoan liburu bat erosi nion O’Reilly argitaletxeari formatu digitalean —Book: A Futurist’s Manifesto—, eta oso pozik geratu nintzen. Liburuak interesgarria dirudi, bertan hainbat saio jasotzen baititu liburu digitalaren etorkizunaz, baina pozik geratu nintzen argitaletxearen jokabideagatik, oso egokia iruditu zitzaidan-eta.
Liburuak 10 dolar balio du, baina irailaren 18a baino lehen erosiz gero, erdi-prezioan eros zitekeen, eta nik horixe egin nuen. Behin erosita, O’Reillyk aukera eskaini zidan liburua hiru formatutan jaisteko: .MOBI, .EPUB eta .PDF, hirurak erabat libre, bat ere DRM edo katerik gabe, nik instala dezadan ditudan irakurgailuetan.
Ez dakit mezu hau iritsiko ote den euskal argitaratzaileengan eskuetara, baina O’Reilly argitaletxearen jokabidea erabat ereduzkoa iruditzen zait, erabat egokia liburu digitalerako.