Hilario Azkarate hil da, gure haurtzaroko pilotaririk nagusia. Justu atzo bere etxe ondotik igaro ginen musikari talde batekin paseatzen ari ginela, eta azaldu genien bertan bizi zela garai bateko euskal pilotaren txapeldunik handienetako bat. Gaur, berriz, haren heriotzaren berri zabaldu da.
Umetan izan nuen Hilarioren berri, aita zenarekin batera Kanpazar gaineko tabernan eskuz banakako hainbat final ikusi genuenean. Orduan telebista zuri-beltzekoa zen, pilota iluna eta askotan jokoa nondik nora zihoan asmatu ezinik ibiltzen ginen —zer ikusirik ez gaur egungo pilotaleku berdez edo beltzez margotuekin—, baina emozio biziz bizi izaten genituen finalok. Eta pozik, gure gogoena Hilario bera izanda, bost aldiz irabazi zuelako txapelketa.
Behin Elorriora etorrita bizi izatera, hemen ikusten nuen, patxadaz, kalean, lagunekin txikiteoan. Gizon tenplaua. Geroago, berriz, ezagutu nituen Juli emaztea eta Dorleta alaba zena. Gelditzen diren familiartekoei, besarkada handi bat.