TED elkarteak TED Books aplikazioa sortu du, eta berau erabilita, nahi duenak bere iPad edo iPhone aparailuetan irakurri ahal izango ditu elkarteak bi astez behin kaleratzen dituen liburuak. Eskaintza izugarri gustatu zaidanez, harpidetu egin naiz bildumara, eta 15 liburu jaitsi ditut nire iPadera.
Egiaztatu dudanez, liburu horiek eduki aberatsak dituzte. Alegia, testuaz gain, izango dituzte audioa, argazkiak, bideoa eta sare sozialen zenbait elementu.
Di-da batean irakurtzekoak
Oro har, TED liburuek 20.000 hitz baino gutxiago izango dituzte, eserialdi batean irakurtzeko modukoak. Hobeto irudika dezagun zertaz ari diren, TED elkarteak kalkulu hauek egin ditu, jakiteko zenbat denbora behar izaten dugun ondoko hauek irakurtzeko:
- Tuit bat: 4 segundu.
- TED hitzaldi bat: 18 minutu.
- Aldizkari bateko artikulu bat: ordu erdi.
- TED liburu bat: ordubete.
- Saio liburu bat: astebete.
- Martutene: udako oporrak (txantxetan ari naiz 😉
Diru kontuak
Batez beste, liburu bakoitzak balio izango du 3 dolar. Hala ere, harpidetza egin daiteke 3 hilabetean 6 liburu irakurtzeko, 15 dolar ordainduta. Eskaintza moduan, harpidetza egiten dutenek lehen 90 egunetan, katalogo osoa izango dute eskura, orain artekoa.
Nik harpidetza egin dut, aprobetxatzeko indarrean daukaten eskaintza, eta 12 euro ordainduta, 15 liburu jaitsi ditut. Bide batez esanda, atzo bertan hori baino gehixeago, 13,50 euro, ordaindu nuen Elkar liburudendan Blog liburua erosteko, berau 107 orrialdeko liburua.
TED taldea 1984an sortu zen “Merezi duten Ideiak Zabaltzeko” helburuarekin. Harrezkero, mundu osora hedatu da, web bat dauka 3.200 bideorekin, eta egitasmo zabala garatu du, beka, sari eta hitzaldiak barne, denak ere besteak motibatzeko asmoarekin.