Aurkezpeñak forever

Asteburu honetan web satiriko bat agertu zaigu euskarazko umore politikoaren basamortuan, Aurkezpeñak forever, webgune bat Goio Aranak sortua, egunero-edo gai bat adar soinuan jorratzeko asmoz. Horretarako argazki bat aukeratu du Goiok, peto-petoa, eta berau errepikatuko du beti, zenbait ukiturekin, egoera jakin bat ironiaz azaltzeko.

Aurkezpeña
Goio Aranak berak horrela definitu zuen Aurkezpeña hitza 2012ko otsailaren 3an: “ekitaldi baten aurkezpen publikoa egiteko era oso euskalduna, jende mordoa ipinita hizlarien ostean”. Eta Pinterest gunean adibide mordoa bildu ditu. Nik dakidala, bera izan zen lehena hitz hori erabiltzen, eta arrakasta dezente izan du, Googlek erakusten duen bezala.

Hala ere, Aurkezpeñak forever erakusleiho hutsa baino gehiago da: ironia eta kontrastea baliatuta, web berriak begi-bistan jartzen digu herri monolitiko eta immobilista bat, antza kondenatuta behin eta berriro tropel moduan agertzera. Niri, behintzat, horixe iradokitzen dit.

Web irekia
Aurkezpeñak forever Goio Aranak sortu du, baina ateak irekita utzi ditu bertan nahi duenak parte har dezan. Horretarako nahikoa da “Submit” botoian klik egin, bertan testu bat sartu eta jatorrizko argazkiari egin beharreko aldaketak egitea. Photoshop edo antzeko programaren bat gustuko izan eta umorea dantzan atera nahi izanez gero, Aurkezpeñak forever adierazpide ezin interesgarriagoa izan daiteke.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude