Hogeita bi urte zituela, Charles Darwin ikasleak gutun bat jaso zuen, eta bertan esaten zitzaion Fitz-Roy kapitaina prest zegoela bere gela gazte naturalista batekin partekatzeko, Beagle ontzian munduan barrena egin behar zuen bidaia batean, hori bai, ordain saririk jaso barik. Darwin gazteak, baietz, aitaren hasierako eragozpenak gaindituta.
Bidaia hark aldatu egin zuen Charles Darwinen bizitza eta aldaketa handia ekarri zuen gizakiok mundua ulertzeko dugun moduan, haren ondorio zuzena izan baitzen eboluzioaren teoria, hainbat urte geroago Darwinek landu zuena, neurri handi batean oinarrituta bidaia hartan egindako aurkikuntzetan. Berak horrela adierazi zuen bere autobiografian:
- “Beagle” ontzian egindako bidaia izan da, askogatik, nire bizitzako gertaerarik inportanteena, eta baldintzatu egin du nire karrera osoa.
Gure ikasleei ere batzuetan horrelako proposamenak iristen zaizkie, enpresa batean praktikak egiteko, eta, batzuetan, ezer kobratu barik. Honekin ez dut esan nahi praktikarik onenak direla ordain saririk ez dutenak, baizik eta jakin behar dela aukerak harrapatzen, ordainduak izan ala ez. Darwinek asmatu egin zuen, gure zorionerako. (Argazkia: Colin Purrington)