Egun hauetan Bart Bijnens kazetari flandestarra Euskal Herrian da, gaur parte hartuko du-eta Tokikom jardunaldian. Bertan, Het Belang Van Limburg tokiko egunkari arrakastatsuaren online eta offline esperientziaren berri emango du. Atzo gure fakultatean izan zen, eta elkarrizketa interesgarria izan genuen berarekin. (Argazkian, Bart Bijnens ezkerrean, Goiena taldea bisitatzen)
Azaldu zigunez, bere egunkaria 1879an sortu zen, eta Limburg eskualdean kokatzen da, Flandriako probintziarik txikiena, non bizi diren 850.000 lagun. Het Belang van Limburg egunkariak 60 kazetari dauzka, egunero 100.000 ale saltzen ditu (horietatik %72 harpidetza bidez) eta merkatuaren %80 egin du bere. Hortaz, jaun eta jabe da Limburgen.
Edizio digitala
Harrigarriena baina, edizio digitalaren bilakaera iruditu zitzaidan. 2011n plazaratu zen, CMS batean oinarritua Edukiak Kudeatzeko Sistema bat, eta dagoeneko 7.000 herri kazetari dauzka, zeinek txintxo-txintxo sartzen duten informazioa webgunean. Herritarrek era guztietako informazioa bidaltzen dute: testuak, argazkiak, datuak, bideoak… eta egunkari digitalak argitaratu egiten ditu, bertako kazetari profesionalek (zazpi, edizio digitalean) editatuta.
Limburg probintzia 48 komunitatetan daukate banatuta, eta Bart Bijnens-ek dioenez, 45etan oso ondo funtzionatzen du herri kazetaritza. Astean barrena edizio digitalean argitaratutako herri kazetarien albisteak larunbatean paperean kaleratzen dira, 10 ediziotan, bakoitza 16 orrialdekoa, eguneko egunkariarekin batera.
Oraindik edizio digitala ez da errentagarria, eta bere kostoa paperak finantzatzen du, baina Bart Bijnens-ek espero du laster emango duela dirua.
Etorkizuneko desafioen artean bi nabarmentzen ditu: bat, aldatzea papereko kazetarien jarrera, gorrotatu egiten baitute edizio digitala; eta bi, egokitu edizio digitala telefono aurreratuetara. Urtea amaitu aurretik, bestalde, 8.000 herri kazetari izan nahi ditu. Bitartean, mimatu egiten ditu dauzkanak, eta hilean behin formazioa eskaintzen die, argazki onak ateratzen erakutsita, esate baterako.