Aurten lehen aldiz, eskatu diegu MUko Komunikazioko ikasleei, praktiketan dabiltzanei, blog bat sortzeko, bertan idatz dezaten eguneroko bat praktiken inguruan. Hiru ikasleren tutore naizen aldetik, ikasle horien blogak irakurtzea tokatu zait, bertan noiz edo behin iruzkinak eginda. Batzuetan ikasleak kexatu egin dira apur bat, gogorra egiten zaiela eguneroko lana amaituta, blogean idatzi behar izatea. Hala ere, emaitza bikaina izan da.
Inoiz ez bezala —orain arte ikasleak nahikoa zuen praktikak amaitutakoan txosten bat aurkeztea—, ikasleak ari dira hausnarketa egiten praktika aldian bizitzen ari diren esperientziaz: enpresa, lan harremanak, lan kultura, baliabideak, ikaslearen indarguneak eta ahulguneak esperientzia horretan… Blogari esker, bukaeran idatzi beharko duten txostena askoz ere osoagoa izango da, seguru nago.
Ikasleen kexuak ulertzekoak dira —batzuetan kosta egiten da lana amaitutakoan blogean idazten hastea—, baina eurak ere konturatzen dira bloga baliabide interesgarria dela. Praktika aldiaren erdia bete berritan, ikasle batek hauxe idatzi du bere blogaren garrantziaz:
- Azkenik, bloga oso erreminta egokia dela uste dut, etorkizunean ahanzturan eroriko diren oroitzapenak birgogoratzeko eta hemendik urte batzuetara nire lehen lan praktiken egunerokoa nolakoa izan zen jakiteko.